Apirila-maiatza jardunaldi eta ikastaroen hileak dira. Udan, udako ikastaroak nagusi dira, baina udaberrian jardunaldiak eta antzeko biltzarrak.

Lehengo astean UEUk antolatutako Informazio uholdea kudeatzen ikasi ikastaroan ikasle gisa parte hartu nuen. Teketen izan genuen irakasle. Gauza asko eta asko irakatsi zizkigun, laster emango dizuet horren berri. Oraingoan baina, gure irakasgaiarekin lotura desberdina duten bi jardunaldiren berri emango dizuet, plazer baduzue parte har dezazuen.

Komunikabideetako Dokumentazioari Buruzko I. Jardunaldiak

UPV/EHUko Kazetaritza Sailak Komunikabideetako Dokumentazioaren gainean jardunaldia antolatu du. Euskal Herrian komunikabideetako dokumentazioaren inguruan modu monografikoan burutzen den lehenengoetarikoa eta bakarrenetakoa izango da.

Jardunaldia bi egunetakoa (apirilaren 24 eta 25) izango da eta hainbat hitzaldi zein komunikazio programatuta daude: komunikabide desberdinetako dokumentazio zerbitzuei buruzkoak, dokumentazio zainketaren gainekoak, informazioa berreskuratzeko tresna linguistikoak, eta beste hainbati buruzkoak.

Informazio gehiago (programa zehatza, matrikula, etabar) jardunaldirako zabaldu berri duten blogean aurki dezakezu.

Atzotik Etzira

Mendebalde Kultura Alkarteak urtero maiatz aldera jardunaldia antolatzen du Bilbon. Aurtengoa 12.ena da, eta maiatzaren 9 eta 10ean burutuko da. Mendebaldek denetariko gaiak izan ditu mintzagai (ahozkotasuna, euskara zientifiko-teknikoa, euskalkiak, Zuberoa,…), baina oraingoan tradizioa aukeratu du. Hortik jardunaldiaren izenburua: Atzotik etzira.

Jardunaldiak lau atal nagusia izango ditu, horietako batean tradizioa teknologia berrietan landuko da. Bertan arituko dira: Gorka J. Palazio, Patxi Juaristi eta, Inguma datu-basearen arduraduna, Uxune Martinez. Bereziki gomendatu nahi dugu Uxuneren saioa (”Euskara eta teknologia berriak: ikusezina agertarazteko auzolana jorratzen”), alde batetik web ikusezinari buruz hitz egingo duelako, eta euskaraz (eta hori, oraindik orain, notizia da), eta bestetik auzolanaren kontzeptu tradizionalak teknologia berrien esparruan duen egitekoaz mintzatuko delako. Ezbairik gabe, zaharra eta berriaren uztarketaren gainean hausnarketa interesgarriak eskainiko ditu.

Ezin bazara joan, lasai, Mendebaldek badu ohitura on bat, jardunaldietako hitzaldiak argitaratzen baititu. Entzun ezin dezakezuna, laster irakurri ahal izango duzu.

Bilatzaileak eta pertzepzioak
Interneteko erabiltzaile arrunt batek, Google edota beste bilatzaile bat erabiliz, zerbaiti buruzko informazioa bilatzen duenean, normalean hainbat informazio jasoko du. Segundu gutxi batzutan milaka, eta maiz gaiaren arabera, miloika webguneren zerrenda eskuratuko du. Webgune horiek gure bilaketarekin zer ikusi txikia eduki arren, erabiltzaileak bilaketa arrakastatsua egin duelaren inpresioa hartuko du. Eta gainera bilatzaileak Interneten dagoen guztia bildu diola pentsatuko du. Kontua da pertzepzio horiek engainagarriak direla.

Beste modu batera esanda, bilatzaile batek, biblioteketako katalogoek ez bezala, ia edozein bilaketetan erantzun masiboa ematen duela, eta horren ondorioz erabiltzaileok halako arrakasta eta asetasun sentsazio hartzen dugu. Batetik ematen du bilaketa ondo planteatu dugula (norbere egoa puztuz), eta bestetik ematen du gure behar informatiboa asetu duela. Baina… usteak erdi ustel!

Web ikusezina: Bergman-en txostena
Bilatzaileak ageriko web-a indexatzen dute, eta beraz ez dira web ikusezinean sartzen. Robotek ez daukate gaitasunik sisteman horietan informazioa bilatzeko (gehienetan datu-baseak direlako eta robotek ez dakitelako bertan bilatzen, web pribatua delako, web jabeduna delako eta sartzeko ordaindu behar delako, eta abar). Kontua da web ikusezinean informazio gehiago eta fidagarriagoa dagoela, eta haren tamaina, Bergman-en ikerketaren arabera, askozaz handiagoa dela.

lasera Bergman-en txostenetik ateratako zenbait datu aipagarri eraman nituen web ikusezinaren tamaina eta ezaugarrien gainean. Apunteetan ingelesez dituzue, baina klasean euskarara itzuli eta komentatu genituen.

Vanesa, zeintzuk dira Bergman-ek web ikusiezinari buruz ematen dituen datuak?