Apirila-maiatza jardunaldi eta ikastaroen hileak dira. Udan, udako ikastaroak nagusi dira, baina udaberrian jardunaldiak eta antzeko biltzarrak.
Lehengo astean UEUk antolatutako Informazio uholdea kudeatzen ikasi ikastaroan ikasle gisa parte hartu nuen. Teketen izan genuen irakasle. Gauza asko eta asko irakatsi zizkigun, laster emango dizuet horren berri. Oraingoan baina, gure irakasgaiarekin lotura desberdina duten bi jardunaldiren berri emango dizuet, plazer baduzue parte har dezazuen.
Komunikabideetako Dokumentazioari Buruzko I. Jardunaldiak
UPV/EHUko Kazetaritza Sailak Komunikabideetako Dokumentazioaren gainean jardunaldia antolatu du. Euskal Herrian komunikabideetako dokumentazioaren inguruan modu monografikoan burutzen den lehenengoetarikoa eta bakarrenetakoa izango da.
Jardunaldia bi egunetakoa (apirilaren 24 eta 25) izango da eta hainbat hitzaldi zein komunikazio programatuta daude: komunikabide desberdinetako dokumentazio zerbitzuei buruzkoak, dokumentazio zainketaren gainekoak, informazioa berreskuratzeko tresna linguistikoak, eta beste hainbati buruzkoak.
Informazio gehiago (programa zehatza, matrikula, etabar) jardunaldirako zabaldu berri duten blogean aurki dezakezu.
Atzotik Etzira
Mendebalde Kultura Alkarteak urtero maiatz aldera jardunaldia antolatzen du Bilbon. Aurtengoa 12.ena da, eta maiatzaren 9 eta 10ean burutuko da. Mendebaldek denetariko gaiak izan ditu mintzagai (ahozkotasuna, euskara zientifiko-teknikoa, euskalkiak, Zuberoa,…), baina oraingoan tradizioa aukeratu du. Hortik jardunaldiaren izenburua: Atzotik etzira.
Jardunaldiak lau atal nagusia izango ditu, horietako batean tradizioa teknologia berrietan landuko da. Bertan arituko dira: Gorka J. Palazio, Patxi Juaristi eta, Inguma datu-basearen arduraduna, Uxune Martinez. Bereziki gomendatu nahi dugu Uxuneren saioa (”Euskara eta teknologia berriak: ikusezina agertarazteko auzolana jorratzen”), alde batetik web ikusezinari buruz hitz egingo duelako, eta euskaraz (eta hori, oraindik orain, notizia da), eta bestetik auzolanaren kontzeptu tradizionalak teknologia berrien esparruan duen egitekoaz mintzatuko delako. Ezbairik gabe, zaharra eta berriaren uztarketaren gainean hausnarketa interesgarriak eskainiko ditu.
Ezin bazara joan, lasai, Mendebaldek badu ohitura on bat, jardunaldietako hitzaldiak argitaratzen baititu. Entzun ezin dezakezuna, laster irakurri ahal izango duzu.

Entries (RSS)