Gurean, eskoletan, defektuzko nabigatzailea Firefox da (nahiz eta, maiz klasean despitez edo, batzuk Explorer erabili…). Horrek guztiak gogorarazten dit, euskarazko Software Librearen inguruko saio bat pendiente dugula. Bai, bai, horretatik ez zarete libratuko, hori argitzeko daukagu.

Lastermarkak kudeatzeko bi tresna, zehazki Firefoxeko gehigarri bi, aipagai izan ditugu eskoletan zenbait aldiz: Foxmarks eta OpenSearchFox, horietaz arituko naiz oraingoan, baina ez diot inori (baina bai guztioi) erantzuteko enkargurik emango.

Foxmarks Bookmark Synchronize

Foxmarks norbere lastermarkak -web gune gogokoak- biltzeko eta kudeatzeko tresna bat da. Horretarako alde batetik Foxmarks-en kontu bat ireki behar da, eta bestalde, norbere ordenagailuan gehigarria instalatu behar da, etxeko ordenagailuan bilduta ditugun lastermarkak eta kontukoak sinkroniza daitezen. Sinkronizazioa oso baliagarria da, lastermarken zerrenda txukun eta eguneratuta edukitzeko, eta lan berdina birritan ez egiteko. Horrela gure web gune gustokoak, Interneteko atzipena izanez gero, edonon eskura izango ditugu.

OpenSearchFox

OpenSearchFox gehigarria norbere nabigatzailearen tresna barran bilaketak integratzeko balio du. Firefox-ek defektuz aipatutako barran zenbait web guneetan bilatzeko aukera eskaintzen ditu, web gune horietara joan beharrik gabe: Google, Yahoo, Amazon, Answers, Creative Comons, eBay eta Wikipedia.

Hasteko eta behin barra hori pertsonalizatu daiteke, eta hor jar ditzakegu bilaketak eskaintzen dituzten (gure intereseko) web guneak. Badira web gune batzuk, Wikipedia esaterako, zuzenean sar ditzakegunak tresna barran, baina badira ere beste web gune batzuk (gehienak esango nuke) aukera hori eskaintzen ez dutena, eta horiek tresna barran gehitzeko OpenSearchFox gehigarria instalatu behar da.

Egitekoak

Klasean biak probatu ditugu, erraz instalatu eta oso erabilgarriak direlako norbere iturriak kudeatzeko. Beraz, horra Garazirentzat zenbait galdera:

  • Zer iruditzen zaizu aipatutako gehigarri biak? Bietatik zein iruditzen zaizu erabilgarriena?
  • Zein alde dago foxmarks eta del.icio.us/bildu.net-en artean? Zein abantaila du batek eta besteak?

PS. Lehengo astean blogean parte hartzerik izan ez zenutenak, aukera ona duzue oraingoan gai honen inguruan aritzeko.