Jazbana plazarik plaza musika jotzen zuen musika taldea zen. Erromerietan jotzen zuen, eta taldea normalean bateria, saxofoi eta akordeio (edo eskusoinu) banak osatzen zuten. Musika alaia beraz, ez bereziki sinfonikoa, ezta bereziki “fina” ere (ikus G. Araolazaren iritzia)

Jazbana, ingelesezko “Jazz Band” hitzetik dator, eta jatorrizko formaren euskarazko ahoskera litzateke (ikus Eibarren, Ondarroan, Bergaran,…)

Jazz banden gainean Euskal Herrian aurkitu dudan euskarazko lehen berria 1924. urtekoa da (agian lehenagokorik ere badago), Jose Olaizola (1883-1969) Donostian txistu eta txistulariei gainean emandako hitzaldi batean. Hitzaldia Euskal Esnalea elkarteak antolatu zuen, eta txistuari buruzkoa izan arren, bere hitzaldian Jazz banden gaineko bi aipu ditu. Bakarra ekarriko dut Jazz banden fenomenoak euskaldun zintzoen artean zuen aintzakotza zein zen ikusteko:

“Nori bururatzen zaio, ni bezalako zoro-haizeak ikututako bati ez-pada, bizi garen egun hauetan “jazz-band” haizeak bazter guziak kutsatu dituan garaietan, mendiko garo ta belar-ondo artean aintxiñ-aintxiñan apalki sortu ziran txistu ta txistulariak zuben aurrera erakartzea?”

Hasierako gaitzespena gainditu ostean XX. mendeko 40-50eko hamarkadetan jazbanak Euskal Herriko plazetan hedatu ziren.

Irakasgaia eta bloga

Jazbanen erara, informazio eta dokumentazioazioaz arituko gara HUHEZIko ikus-entzunezko lizentziaren 2. mailakook (ikasleak eta irakaslea) blog honetan. Ez dugu euskal baladarik joko, ezta euskal erromantze ederrik abestuko ere. Mendiko garoa mendian utzi, eta plazan dagoenaz arituko gara:

infoxikazioa liburutegi_digitalak RSS jarioa tag e_komunikazioa e_book e_print digitalizazioa datu_baseak bizitza_birtuala spam sindikazioa open_source open_access creative_commons permalink Google Flicrk del.icio.us wiki

Gai horiek, eta beste hainbat, luzera, sakontasun eta interes desberdinarekin landuko dira blogean, klasean esandako osatu eta lantzen jarraitzeko. Blogaren doinua eta tonua beraz, pixkanaka sortuz joango da, bakoitzaren jatorri, ibilbide eta ekarpenaren arabera.

Bizi dugun testuingurua ere, halakoxea da, jazbanen erakoa. Hau da, teknologikoki oso aldakorra, sozialki egonkorragoa (agian), informatiboki oso masiboa, profesionalki erronkaz betea, baina pertsonalki, oso interesgarria.

Aurrekaria: Lehengaia bloga

Blogak badu aurrekaririk. Aitor Zuberogoitia HUHEZIko irakasleak Lehengaia bloga sortu baitzuen 2006/2007. ikasturtean, “Euskarazko Komunikazioaren Historia” eta “Informazio-dokumentazioa” irakasgaietarako. Lehengai horretatik beraz, abiatzen da jazbana.