Lehengo hilean ezagutzaren gizartearen gainean, Daniel Innerarity filosofoaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Egun horretan bertan Informazio-dokumentazioa irakasgaiaren aurkezpen eguna zen, eta egia esan irakasgaiaren sarrera gisa ederto batean etorri zitzaidan.Gaurkotasun handiko gai baten inguruan bildu ginen, ezagutzaren gizarteaz zerbait ikastera. Innerarity-k hizlari trebea zela erakutsi zuen, eta ez ginen aspertu. Esate baterako Joxe Aranzabali izugarri gustatu zitzaion.

Hitzaldiak nolabait bi parte izan zituen: lehenengoan ezagutzaren gizartearen oinarrizko ezaugarriak deskribatu zituen, eta bigarrenean ezagutzaren gizarterako bost gomendio eman zizkigun (Joxek Faroan laburbilduta eskaini zituenak).

Deskribapenean, besteak beste, gehiegizko informazioa dugula eta erabiltzaile otzanak garela aipatu zuen. Hau da, informazioak gainditu egiten gaituela, desproportzio izugarri bat dagoela aukera eta gaitasunen artean. Antzina aldiz, pertsona arrunt batek jakin behar zuena eta zekiena parekatuago zeuden. Gaur egun informazio aukerak inoiz ez bezalakoak dira, baina hori ere arrisku bat da, gehiegizko informazioaren zurrunbiloan galtzeko aukera dugulako. Innerarity-k gehiegizko informazioak ezjakin berriak sortu dituela aipatu zigun. Hau da, informazioaren anabasak bizi dituen pertsonak. Irtenbideak: informazioa aukeratzea, iturriak identifikatzea, filtroak jartzea (behar ez den informazioa ez jasotzeko), eta irizpideak aplikatzea.

Esan gabe, bakerik ez

Innerarity gaian aditua dela aitortuta, eta haren autoritatea dudan jarri gabe, zenbait ohar egin gabe ezin naiz geratu, pare bat baino ez ditut aipatuko.

Hasteko, nire ustez, Innerarity-k ez zigun argi azaldu zein den ezagutzaren gizartea eta informazioaren gizartearen arteko aldea. Ezagutzaren gizarteko elementu garrantzitsu batean zentratu zen, informazioan, eta besteak ez zizkigun aipatu. Ematen zuen informazioaren gizarteaz ari zela ezagutzaren gizarteaz baino.

Bestalde, faltan bota nituen, jadanik gure artean arruntak diren hainbat kontzeptu klabe, esate baterako, infoxikazioa edota informazio-alfabetatzea. Infoxikazio hitzaren asmatzailea Alfons Cornella izan zen, eta gaur egun berba horrek erabateko arrakasta lortu du. Madrilen Dokumentazio jardunaldi batean entzun nuen Cornella lehen aldiz. Eta egia esan, bikaina iruditu zitzaidan. Zerbait gogoratzen badut bere hitzalditik bere esaldi bat da: informazioari buruz ari garela, “más es menos”.

Zein ezagutzaren gizartea?

Unescok 2005. urtean argitaratutako txostenean (Ezagutzaren gizarteetarantz edo Towards Knowledge Societies) argi planteatzen da: zer nolako ezagutzaren gizartea izango da gurea, baldin eta, ezagutza tradizionala baztertu edo galduko bada, eta eleaniztasunarentzat kaltegarri izango bada?

Horra beraz galderak Malenentzat: zergatik dago eleaniztasuna arriskuan ezagutzaren gizartean? Gaur eguneko egoera deskribatu eta bihar etziko joerak zeintzuk diren azaldu. Eta ez ahaztu zure iritzia ematea gai honen gainean.

Eta bukatzeko, zure ustez, Cornellaren esaldiak “mas es menos” zer esan nahi du?