Azken klasean Irati Azkue, Gaindegiako komunikazio arduraduna, gonbidatu genuen Gaindegiari buruz, baina bereziki Datu-Talaiaren gainean berba egitera. Saioan ikusi eta ikasitakoa Maialenek laburbildu du. Eskerrik asko biei, Iratiri eta Maialeni.
“Gaur egun internetak eta teknologia berriek izugarrizko indarra dute, urteetan zehar poliki-poliki lortu dutena. Horren eraginez guztion bizimodua aldatu da neurri batean, informazioa bilatzeko esaterako bide desberdinak erabiltzen dira momentu honetan, aurreko urteekin alderatu ezkero.
Orokorrean ez gara arrazoi jakinik gabe informazioa bilatzera joaten , gehienetan lan, proiektu…zehatzen batek bultzatzen gaitu liburu, internet zein aldizkarietara behar ditugun datuak jasotzera. Azken urteotan interneta da horretarako erabiltzen dugun medio nagusia, liburu, prentsa edo eta entziklopediek indarra galdu dute erabat eta automatikoki ordenagailura jotzen dugu.
Euskal Herriari buruzko edozer topatu nahi dugula? Bi orrialde ditugu interneten, non datu, txosten…edo eta mila informazio topa dezakegun, bat www.gaindegia.org eta bestea, www.datutalaia.net. Biak dira aproposak informazio zehatza bilatzeko, segidan zehaztuko ditut webgune bakoitzaren berezitasunak.
Gaindegia erakunde burujabea, irekia, malgua, joera asko biltzen dituena eta Euskal Herria oso osorik aztergai hartzen duena da. Euskal Herriko errealitate sozio ekonomiko nazionala du abiapuntutzat eta jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak bildu dira proiektu hau aurrera eramateko. Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea du helburutzat gaindegiak, aurrerapena alde batera utzi gabe. Horretaz gain helburuak hiru esparrutan banatu daitezke: momentuko egoera aztertzea, loturak sortzea eta informazioa zabaldu eta horrekin batera, eztabaida bultzatzea. Erakunde honen laguntzaileak asko dira esaterako, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza…besteak beste. Azken urte hauetarako finkaturik dituzten helburu nagusienak honakoak dira, kide berriak lortu, konpromiso sendoak bermatu eta adostasun maila handitzea, beste batzuen artean. Gaindegian era desberdinetako informazio iturriak aurki daitezke, behategiko lanak, dossierrak, albisteak, artikuluak…mila gauza daude, lanak egiteko zein informazio interesgarria bilatzeko edozein momentutan lagungarri izan daitezkeenak.
Bestalde, www.datutalaia.net-en sartuz gero Euskal Herriari buruz egin daitezkeen ia galdera guztien erantzunak aurki daitezke, hau da, datu zehatzak, ikerketa sendoei esker lortutakoak. Gai potoloei buruzko datuak bilatzeko bide egokienetarikoa dela esan dezakegu. Orrian bertan ikus daitekeen bezala, demografia, jendartea, laborantza, euskara eta hezkuntza…moduko gai nagusiak daude. Horrekin batera, azpigaiak ere badaude eta herrialde, eskualde, udalerri… zehatzak aukeratzea ere posible da, horren inguruko edozein datu topatzeko. Esaterako, Arrasateko herriko etxebizitzen inguruko datu bat topatzea nahi baduzu, web orrialde honetan sartu eta berehala izango duzu behar duzun informazioaren berri.
Bi web orrialde hauek oso aproposak dira lan, proiektu edo eta txostenak egiterako orduan erabiltzeko. Badirudi euskal bilatzaileak ez ditugula kontutan hartzen eta google edo tankerakoetara jotzen dugu zuzenean, baina hauek adibide garbiak dira. Euskal Herriarekin lotura duten gaiei buruzko informazioa bilatzeko aukera ona badago eta ohitura hartu beharko genuke, gure esku dauden bide hauek kontutan hartzeko edozein behar informatibo dugunean.”