Iazko urritik euskaraz dauden webguneetan bilaketan egiteko berariazko bilatzailea daukagu: Elebila. Eleka enpresak garatu eta aurkeztu zuen.

Elebila, garatzaileen esanetan, ez da Google moduko bilatzaile bat, tresna bat baizik, ohiko bilatzaileek “sortzen duten informazioaren gainean lan egiten duen tresna bat. Tresna horrek bi gauza egiten ditu: euskarazko testuak diskriminatu eta euskararen berezko nortasun gramatikala kontuan hartu. Elebilaren atzean Live Search Microsoft-en motorra dago” (I. Irazabalbeitia).

Itsaso, zurea da txanda:

  • Google-en hizkuntzaren araberako bilaketak egin litezke? Google-en katalanez dauden web guneetara mugatu liteke bilaketa bat? Eta euskarazkoetara?
  • Elebilak nola funtzionatzen du? Deklinazioarekin zer gertatzen da? Aldaera dialektalak aintzat hartzen ditu? Azalpenei adibide propioak gehitu (klasean aipatu gabeak).
  • Zure ustez, Elebila zertarako izan daiteke baliagarria? Zuk zertarako erabiliko zenuke edo nori gomendatu zenioke (irakasleei, ikasleei, profesionaleei,…)? Zergatik?
  • Ahulunerik badu Elebilak? (baiezkoa bada) Zeintzuk?

Bilatzaileak eta pertzepzioak
Interneteko erabiltzaile arrunt batek, Google edota beste bilatzaile bat erabiliz, zerbaiti buruzko informazioa bilatzen duenean, normalean hainbat informazio jasoko du. Segundu gutxi batzutan milaka, eta maiz gaiaren arabera, miloika webguneren zerrenda eskuratuko du. Webgune horiek gure bilaketarekin zer ikusi txikia eduki arren, erabiltzaileak bilaketa arrakastatsua egin duelaren inpresioa hartuko du. Eta gainera bilatzaileak Interneten dagoen guztia bildu diola pentsatuko du. Kontua da pertzepzio horiek engainagarriak direla.

Beste modu batera esanda, bilatzaile batek, biblioteketako katalogoek ez bezala, ia edozein bilaketetan erantzun masiboa ematen duela, eta horren ondorioz erabiltzaileok halako arrakasta eta asetasun sentsazio hartzen dugu. Batetik ematen du bilaketa ondo planteatu dugula (norbere egoa puztuz), eta bestetik ematen du gure behar informatiboa asetu duela. Baina… usteak erdi ustel!

Web ikusezina: Bergman-en txostena
Bilatzaileak ageriko web-a indexatzen dute, eta beraz ez dira web ikusezinean sartzen. Robotek ez daukate gaitasunik sisteman horietan informazioa bilatzeko (gehienetan datu-baseak direlako eta robotek ez dakitelako bertan bilatzen, web pribatua delako, web jabeduna delako eta sartzeko ordaindu behar delako, eta abar). Kontua da web ikusezinean informazio gehiago eta fidagarriagoa dagoela, eta haren tamaina, Bergman-en ikerketaren arabera, askozaz handiagoa dela.

lasera Bergman-en txostenetik ateratako zenbait datu aipagarri eraman nituen web ikusezinaren tamaina eta ezaugarrien gainean. Apunteetan ingelesez dituzue, baina klasean euskarara itzuli eta komentatu genituen.

Vanesa, zeintzuk dira Bergman-ek web ikusiezinari buruz ematen dituen datuak?

Aste Santuen aurreko klasean bilatzaileak, eta bereziki Google bilatzaileak, nola funtzionatzen duen ikusi eta ikasi genuen.

Bilatzaileei buruz zera aipatu nuen, Internet automatikoki esploratu eta web orrien kodea datu-base batean bildu eta erabiltzaileen eskura jartzen duen sistema bat dela. Beraz, erabiltzaileak ez du uneko Interneten bilaketa egiten, indexatuta dituen orrietan baizik, nolabait esateko, bere datu-basean. Bilatzaileek horregatik egin ditzakete bilaketak hain azkar.

Iñigo, oraingoan zuri dagokizu bloga erantzutea:

  • Bilaketa baten emaitzaren aurrean gaudenean, Google-ek URLaren azpiko lerroan maiz “katxean” jarri ohi du, zer esan nahi du? Zertarako erabiltzen da?
  • Oro har esan daiteke Google-ek bi motatako bilaketak egiteko aukera eskaintzen duela: bilaketa sinpleak eta aurreratuak. Bilaketa sinpleak egiteko hainbat eragile edo formula ikusi genituen klasean. Horietatik 8 aukeratu, zuretzat erabilgarrienak direnak. Zure zortziko zerrenda osatzen dutenak zeintzuk diren esan, azaldu zergatik aukeratu dituzun, eta azkenik adibideak eman (klasean aipatutako adibiderik ezin da eman).
  • Bilaketa aurreratuei dagokionez, zure ustez, zertarako izan daitezke erabilgarri? Nola egiten dira? Zeintzuk irizpide konbina daitezke? Adibide bat jarri.
  • Google-ek bilaketetan filtroak jartzeko aukerarik eskaintzen du? (erantzuna baiezkoa bada) Zeintzuk eta zertarako dira filtroak?

Antza denez, Josu Azpillagak dioenez, Google-n ohiko erabiltzaileek bataz beste 4 hitzetako testuak bilatzen dituzte (adibidez, “mapa eibar plaza untzaga”), pentsatu nahi dut eskoletan bilaketa bat egoki planteatzen ikasi dugula.

Laburpenak datorren asterako

Datorren ostegunerako (Apirilaren 10) Cornella eta Aguillar-en artikuluen laburpenak ekarri behar dituzue. Laburpena denok egin behar duzue, apirilaren 3ko klasera etorri zinetenak (Iñigo izan ezik), baita etorri ez zinetenak ere. Artikulu bakoitzaren edukia gehienez 20 lerrotan laburbildu behar da.

Dena den norbaitek ezingo balu datorren asteko klasera etorri, nire helbide elektronikora igor dezala aipatutako artikuluen laburpena (PDF formatoan bidaltzen badidazue, orduan eta hobeto).

Norbaitek artikuluen fotokopiak ez balitu, lasai! Garanberrin jarri bainituen Aste Santua baino lehen.

Mundo.hoy-k emititutako “Mundua Google-en erara” dokumentala ikusi genuen lehengo astean. Eta aitortzen dut, zer pentsa ugari eman didala, eta hasi naizela Google beste begirada batekin begiratzen, pentsatzen zer egin dezakedan Google -bilatzailea eta beste zerbitzuak- erabiltzen dudan bakoitzean informazio minimoa uzteko bertan.

Dokumentalean txanponaren alde biak ikusi ditugu, Google bilatzailea zer den, zelan funtzionatzen duen, enpresaren instalazioak, langile zoriontsuak, negozio arrakastatsua,… eta bestetik, planteatzen dituen arazoak eta eragozpenak, datuen babesa, liburuen digitalizazio prozesua, egile eskubideak, etabar.

Orkestrak dokumentala klasean ikusi zuen, baina hemen ere ikus daiteke:

Beraz, dokumentalari buruz galdera batzuk prestatu ditut Imanolentzat:

  • Zein da Google-en helburua? Zertan datza bere arrakasta? Zein da Google-n bataz besteko merkatu kuota?
  • Bilatzaileak nola funtzionatzen du? Hau da, nola bilatzen eta antolatzen du informazioa? Neutrala da? Zer dio Internet Archive-ko ordezkariak horri buruz?
  • Google-ek munduko leku guztietan berdin funtzionatzen du? Zer gertatzen da Txinan?
  • Google, enpresa gisa, noiz sortu zen? Boltsan kotizatzen du? Urteko irabazi gordinak zenbatekoak dira? Irabaziak nondik eskuratzen ditu? Badago esaldi bat, enpresaren politika laburbiltzen duena, zein da? Zer esan nahi du?
  • Zenbat langile ditu? Langileen lan baldintzak zeintzuk dira? Asteko egun batean % 20a zeri dedikatu diezaiokete?
  • Zein harreman dago Google eta Stanfordeko unibertsitatearen artean?

Halaber beste galdera hauek Amaiarentzat dira:

  • Dokumentalean une desberdinetan aipatzen dira Googlek planteatzen dituen arazo nagusiak, zeintzuk dira?
  • Erabiltzaileen informazioa gordetzen dute? Zenbat denbora? Zertarako? Open Rigths Group elkarteak zer dio?
  • Google-en liburuen digitalizazio proiektuan zein motatako liburutegiak parte hartzen dute? Zein da liburutegien eta Google-en arteko tratua? Zer egiten du batek eta zer besteak, eta trukean elkarri zer ematen diote.
  • Zelan digitalizatzen dituzte liburuak? Google-k zelan digitalizatzen duen ikusi genuen? Zergatik?
  • Zein arazo planteatzen du Googlen digitalizazio egitasmo honek?
  • Eduki Irekien Aliantza (Open Content Alliance) zer da? Zer planteatzen du?