Guri buruz

Blogaren nondik norakoa (orkestraren aurkezpena)

Jazbana, ingelesezko “Jazz Band” hitzetik dator, eta jatorrizko formaren euskarazko ahoskera litzateke. Jazbanen erara, informazio eta dokumentazioazioaz arituko gara HUHEZIko ikus-entzunezko lizentziaren 2. mailakook (ikasleak eta irakaslea) blog honetan.

Musikarien gainean (Idurre dixit)

Orkestra honen parte hartzaileak HUHEZIko (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Ikus-entzunezko komunikazioa lizentziaren 2. mailako ikasle taldea gara. 32 ikaslek osatzen dugu orkestra, 9 mutilek eta 23 neskek, hain zuzen ere. 20 eta 25 urte artean ditugu eta Euskal Herriko bazter guztietatik etortzen gara Eskoriatzara geure “entseguak“ egitera.

Orain urte t’erdi elkar ezagutu genuen, 2006ko urrian zehazki. Ongi gogoratzen dut egun hura. Gutun batez bildu gintuzten orkestrako kideak, orkestrako irakasle eta zuzendariarekin areto nagusian. Denok geunden urduri, baina baita irrika biziz ere geure taldekideak ezagutzeko. Pare bat ordu bakarrik egin genituen elkarrekin lehen egunean, baina egun hartatik aurrera elkarrekin pasatzen dugu egunero egun erdia.

Oso ezberdinak gara geure artean, muturrekoak diren gustu, jokabide eta izaerak ditugu: batzuk oso berritsuak gara, besteak oso isilak; beste talde bati rock, punk edo musika gogorra gustatzen zaio, baina beste batzuk oso atsegin dute koroa edo orkestra; batzuk oso lotsatiak dira, beste batzuk aldiz ez lotsagabeak, baina guztiari aurpegia ematen dakitenak bai; batzuk oso sortzaileak dira, beste batzuk ez hainbeste; etab. luze bat. Nahiz eta oso ezberdinak izan geure artean, oso ondo moldatzen gara denok, oso ongi funtzionatzen dugu talde-lanean eta ez dugu inongo arazorik geure artean. Horrela lortzen dugu gure orkestrak aurrera egitea.