Archive for the 'iturriak' Category

Dokumentazio legislatiboa hurbilagotik ezagutzeko Eusko Legebiltzarrera joan ginen atzo. Liburutegiko teknikariak (eskerrik asko Txaro!) ederto erakutsi zizkigun legebiltzarraren baliabide dokumentalak. Beraz, bestelako klasea izan genuen ostegunean. Xabier Gorostidik bisitaren kronika prestatu digu:

“Atzo, hilak 22, dokumentazio asignaturatik gasteizera irtenealdia egin genuen, parlamentua eta bere organizazioa ezagutzeko.

Gelakide baten deiak esnatu ninduen, eta mugikorreko zarata entzun bezain pronto ohartu nintzen lokartu egin nintzela.

Aurpegia busti, arrapaladan jantzi eta gasteizeko bidean jarri nintzen kotxean. 10:00etan geunden geratuta parlamentu kanpoan, eta hamarrak izateko hamar minuturen faltan Gasteizko sarreran nengoen. 10 minutu neuzkan, parlamentua aurkitu eta aparkatzeko, baina azkenean gehiago iraun parlamentua topatzen Arrasatetik Gasteizera joaten baino.

Ordu erdiko atzerapenarekin heldu nintzen bertara, eta ordurako legebiltzarra ikusita zeukaten jada. Gero hitzalditxo bat izan genuen, aurretik lunch txiki batekin ongi etorria egin zigutelarik.

Bertan hizlariak, eusko jaurlaritzak eta legebiltzarrak interneten dituzten balibideei buruz hitz egin zuen.

Digitalizazioa dela eta ez dela, gauzak asko aldatu dira legebiltzarreko dokumentazioko langileentzat, sekulako iraultza jasan baitu beraien lan egiteko moduak.

Lehenik eta behin Zabalik ekimena aipatu zuen. Gizarte osoari eskaintzen zaion atari honek, 20 gai sozial ezberdini buruz alerta zerbitzua eskatzeko aukera ematen digu. Adibidez, hezkuntzarekin lotutako edozein lege aldaketa egin bezain pronto, zerbitzu hori eskatu duten guztiek e-mail informatibo bat jasoko dute beraien e-postan.

Gero Intranet izan zuen hizpide. Zerbitzu hau edozeinek erabili badezake ere, erabiltzaile internoek darabilte gehienbat. 3 zati ezberdin dauzka, Biblioteka (zuzenbide politikoari bideratuta gehienbat), Artxiboa eta Dokumentazioa (oso espezializatua, parlamentuko jardunari bideratuta eta informazio orokorrik ez duena). Aipatzekoa da parlamenturako interesgarriak diren, liburu, nobela edo presta idatziko artikuluak bertan jartzen dituztela, izan ere zailtasun handia dago hauek kudetazeko orduan, egile eskubideak direla eta.

Izarori dagokionez, parlametuko inizitiba legegile oro, gizartearen esku jartzen ditu zerbitzu honek (lege-proeiktuak, lege-ez proiektuak, kontrol iniziatibak…) Parlamentuaren webgunean, dokumentu baliabideak atalaren barruan aurkitzen da datu basea. Bertan edozein plenori buruzko informazioa aurki dezakegu, baita bideo formatuan ere. Ikusi ahal izateko, quick time plug-in-a eduki behar da baina hau edukiz gero oso erabilgarria da. Izan ere, pleno bati buruzko informazio idatzia eskatuz gero, bi aste itxaron ditzakezu informazio hori heltzeko zain, baina bideoa momentuan ikus dezakezu nahi duzun beste aldiz. Oso barregarria izan zen, zeren eta adibide gisa Ibarretxeren pleno agerraldi bat jarri zigun. Hain zen aspaldikoa, non Ibarretxe ez zegoen burusoil.

Atal honetan, dossierrak aurki ditzakegu. Bertan legebiltzarkideei erabilgarriak diren dossierrak aurki daitezke. Adibidez, eusko jaurlaritzako ordezkari bat Norbegiako emakumeen egoera aztertzera joango da. Ba dokumentazioko langileek, Norbegiari buruzko eta bertako emakumeen egoerari buruzko informazioak jartzen dituzte sarean. Zerbitzuak atalean aldiz, prentsa saila dago. Bertan legebiltzarrari buruz interesgarri diren prentsa dokumentuak pilatzen dira.

Amaitzeko legebiltzarreko liburutegia ikusi genuen, eta baita hango informazio biltegiak.

Biltegiak lur azpian daudenez, hezetasun handia daukate eta arazo ugari egoten dira gauzak behar bezala kontserbatzeko. Hori bai, fondo antiguoko altxorrak ( gero-ren kopia orijinala, … etab.) beste leku batean daude gordeta, segurtasun eta kontserbazio egoera hobeagotan. Normala den legez, hauek ez zizkiguten erakutsi.

Amaitzeko liburutegia ikusi genuen. Nahiko txikia da, eta gero eta erabilera murritzagoa du, digitalizazioaren erruz. Orain legebiltzarkideek behar duten informazio gehiena sarean dago, baita oposizioak egiteko beharrezko informazioa ere.”

Xabi Gorostidi

Gurean, eskoletan, defektuzko nabigatzailea Firefox da (nahiz eta, maiz klasean despitez edo, batzuk Explorer erabili…). Horrek guztiak gogorarazten dit, euskarazko Software Librearen inguruko saio bat pendiente dugula. Bai, bai, horretatik ez zarete libratuko, hori argitzeko daukagu.

Lastermarkak kudeatzeko bi tresna, zehazki Firefoxeko gehigarri bi, aipagai izan ditugu eskoletan zenbait aldiz: Foxmarks eta OpenSearchFox, horietaz arituko naiz oraingoan, baina ez diot inori (baina bai guztioi) erantzuteko enkargurik emango.

Foxmarks Bookmark Synchronize

Foxmarks norbere lastermarkak -web gune gogokoak- biltzeko eta kudeatzeko tresna bat da. Horretarako alde batetik Foxmarks-en kontu bat ireki behar da, eta bestalde, norbere ordenagailuan gehigarria instalatu behar da, etxeko ordenagailuan bilduta ditugun lastermarkak eta kontukoak sinkroniza daitezen. Sinkronizazioa oso baliagarria da, lastermarken zerrenda txukun eta eguneratuta edukitzeko, eta lan berdina birritan ez egiteko. Horrela gure web gune gustokoak, Interneteko atzipena izanez gero, edonon eskura izango ditugu.

OpenSearchFox

OpenSearchFox gehigarria norbere nabigatzailearen tresna barran bilaketak integratzeko balio du. Firefox-ek defektuz aipatutako barran zenbait web guneetan bilatzeko aukera eskaintzen ditu, web gune horietara joan beharrik gabe: Google, Yahoo, Amazon, Answers, Creative Comons, eBay eta Wikipedia.

Hasteko eta behin barra hori pertsonalizatu daiteke, eta hor jar ditzakegu bilaketak eskaintzen dituzten (gure intereseko) web guneak. Badira web gune batzuk, Wikipedia esaterako, zuzenean sar ditzakegunak tresna barran, baina badira ere beste web gune batzuk (gehienak esango nuke) aukera hori eskaintzen ez dutena, eta horiek tresna barran gehitzeko OpenSearchFox gehigarria instalatu behar da.

Egitekoak

Klasean biak probatu ditugu, erraz instalatu eta oso erabilgarriak direlako norbere iturriak kudeatzeko. Beraz, horra Garazirentzat zenbait galdera:

  • Zer iruditzen zaizu aipatutako gehigarri biak? Bietatik zein iruditzen zaizu erabilgarriena?
  • Zein alde dago foxmarks eta del.icio.us/bildu.net-en artean? Zein abantaila du batek eta besteak?

PS. Lehengo astean blogean parte hartzerik izan ez zenutenak, aukera ona duzue oraingoan gai honen inguruan aritzeko.

Azken klasean Irati Azkue, Gaindegiako komunikazio arduraduna, gonbidatu genuen Gaindegiari buruz, baina bereziki Datu-Talaiaren gainean berba egitera. Saioan ikusi eta ikasitakoa Maialenek laburbildu du. Eskerrik asko biei, Iratiri eta Maialeni.

“Gaur egun internetak eta teknologia berriek izugarrizko indarra dute, urteetan zehar poliki-poliki lortu dutena. Horren eraginez guztion bizimodua aldatu da neurri batean, informazioa bilatzeko esaterako bide desberdinak erabiltzen dira momentu honetan, aurreko urteekin alderatu ezkero.

Orokorrean ez gara arrazoi jakinik gabe informazioa bilatzera joaten , gehienetan lan, proiektu…zehatzen batek bultzatzen gaitu liburu, internet zein aldizkarietara behar ditugun datuak jasotzera. Azken urteotan interneta da horretarako erabiltzen dugun medio nagusia, liburu, prentsa edo eta entziklopediek indarra galdu dute erabat eta automatikoki ordenagailura jotzen dugu.

Euskal Herriari buruzko edozer topatu nahi dugula? Bi orrialde ditugu interneten, non datu, txosten…edo eta mila informazio topa dezakegun, bat www.gaindegia.org eta bestea, www.datutalaia.net. Biak dira aproposak informazio zehatza bilatzeko, segidan zehaztuko ditut webgune bakoitzaren berezitasunak.

Gaindegia erakunde burujabea, irekia, malgua, joera asko biltzen dituena eta Euskal Herria oso osorik aztergai hartzen duena da. Euskal Herriko errealitate sozio ekonomiko nazionala du abiapuntutzat eta jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak bildu dira proiektu hau aurrera eramateko. Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea du helburutzat gaindegiak, aurrerapena alde batera utzi gabe. Horretaz gain helburuak hiru esparrutan banatu daitezke: momentuko egoera aztertzea, loturak sortzea eta informazioa zabaldu eta horrekin batera, eztabaida bultzatzea. Erakunde honen laguntzaileak asko dira esaterako, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza…besteak beste. Azken urte hauetarako finkaturik dituzten helburu nagusienak honakoak dira, kide berriak lortu, konpromiso sendoak bermatu eta adostasun maila handitzea, beste batzuen artean. Gaindegian era desberdinetako informazio iturriak aurki daitezke, behategiko lanak, dossierrak, albisteak, artikuluak…mila gauza daude, lanak egiteko zein informazio interesgarria bilatzeko edozein momentutan lagungarri izan daitezkeenak.

Bestalde, www.datutalaia.net-en sartuz gero Euskal Herriari buruz egin daitezkeen ia galdera guztien erantzunak aurki daitezke, hau da, datu zehatzak, ikerketa sendoei esker lortutakoak. Gai potoloei buruzko datuak bilatzeko bide egokienetarikoa dela esan dezakegu. Orrian bertan ikus daitekeen bezala, demografia, jendartea, laborantza, euskara eta hezkuntza…moduko gai nagusiak daude. Horrekin batera, azpigaiak ere badaude eta herrialde, eskualde, udalerri… zehatzak aukeratzea ere posible da, horren inguruko edozein datu topatzeko. Esaterako, Arrasateko herriko etxebizitzen inguruko datu bat topatzea nahi baduzu, web orrialde honetan sartu eta berehala izango duzu behar duzun informazioaren berri.

Bi web orrialde hauek oso aproposak dira lan, proiektu edo eta txostenak egiterako orduan erabiltzeko. Badirudi euskal bilatzaileak ez ditugula kontutan hartzen eta google edo tankerakoetara jotzen dugu zuzenean, baina hauek adibide garbiak dira. Euskal Herriarekin lotura duten gaiei buruzko informazioa bilatzeko aukera ona badago eta ohitura hartu beharko genuke, gure esku dauden bide hauek kontutan hartzeko edozein behar informatibo dugunean.”

Egunotan Informazio- eta dokumentazio-iturriei arreta berezia eskaini diogu, bereziki erreferentzia lanei (motak, ezaugarriak, adibideak,…). Hala ere, klasean ez dut astirik izan bigarren mailako informazio iturriekin amaitzeko eta bloga erabiliko dut horretarako.

Bigarren mailako iturrien artean badira liburuen errepertorioak, aldizkarien errepertorioak, aldizkarietako artikuluen errepertorioak (honarte klasean aipatutakoak), baita bestelako dokumentuen errepertorioak ere. Esate baterako doktorego-tesien erreferentziak biltzen dituztenak. Teseok adibidez, Espainiako unibertsitateetan aurkeztutako tesien gaineko oinarrizko informazioa eskaintzen du. Euskaraz prestatutako doktorego tesiak Inguma datu-basean katalogatuta daude, eta kasu batzuetan erreferentziaz gainera testu osorako sarbidea eskaintzen da. Dena den badirudi Tesiker egitasmoak euskarazko doktorego-tesi guztien testu osorako sarbidea eskainiko duela. Ordura arte itxaron beharko dugu, nahiz eta zoritxarrez argi-ilun ugari badiren. Baina hori beste kontu bat da…

Aste honetarako

Bi motatako erreferentzia lanak daude, lehenengo mailako informazioa eskaintzen dutenak eta bigarren mailakoa dutenak…

  • Maite, zertan datza bien arteko desberdintasuna?
  • Zeintzuk dira lehenengo mailako informazioa eskaintzen duten dokumentuak? Zerrendatu eta bakoitza lerro bitan deskribatu.
  • Bibliografia ofizialak zer diren, nork egiten dituen eta zein tresna erabiltzen den komentatu. Euskal Herrian bibliografia ofizialik bada? Zer dira Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia eta XX. mendeko euskal liburuen katalogoa?
  • Amaitzeko, Maite, hainbat iturri aipatu ditut klasean, horietako asko MUko bibliotekaren web gunetik esku-eskura ditugu, zehazki zeintzuk?