Gurean, eskoletan, defektuzko nabigatzailea Firefox da (nahiz eta, maiz klasean despitez edo, batzuk Explorer erabili…). Horrek guztiak gogorarazten dit, euskarazko Software Librearen inguruko saio bat pendiente dugula. Bai, bai, horretatik ez zarete libratuko, hori argitzeko daukagu.

Lastermarkak kudeatzeko bi tresna, zehazki Firefoxeko gehigarri bi, aipagai izan ditugu eskoletan zenbait aldiz: Foxmarks eta OpenSearchFox, horietaz arituko naiz oraingoan, baina ez diot inori (baina bai guztioi) erantzuteko enkargurik emango.

Foxmarks Bookmark Synchronize

Foxmarks norbere lastermarkak -web gune gogokoak- biltzeko eta kudeatzeko tresna bat da. Horretarako alde batetik Foxmarks-en kontu bat ireki behar da, eta bestalde, norbere ordenagailuan gehigarria instalatu behar da, etxeko ordenagailuan bilduta ditugun lastermarkak eta kontukoak sinkroniza daitezen. Sinkronizazioa oso baliagarria da, lastermarken zerrenda txukun eta eguneratuta edukitzeko, eta lan berdina birritan ez egiteko. Horrela gure web gune gustokoak, Interneteko atzipena izanez gero, edonon eskura izango ditugu.

OpenSearchFox

OpenSearchFox gehigarria norbere nabigatzailearen tresna barran bilaketak integratzeko balio du. Firefox-ek defektuz aipatutako barran zenbait web guneetan bilatzeko aukera eskaintzen ditu, web gune horietara joan beharrik gabe: Google, Yahoo, Amazon, Answers, Creative Comons, eBay eta Wikipedia.

Hasteko eta behin barra hori pertsonalizatu daiteke, eta hor jar ditzakegu bilaketak eskaintzen dituzten (gure intereseko) web guneak. Badira web gune batzuk, Wikipedia esaterako, zuzenean sar ditzakegunak tresna barran, baina badira ere beste web gune batzuk (gehienak esango nuke) aukera hori eskaintzen ez dutena, eta horiek tresna barran gehitzeko OpenSearchFox gehigarria instalatu behar da.

Egitekoak

Klasean biak probatu ditugu, erraz instalatu eta oso erabilgarriak direlako norbere iturriak kudeatzeko. Beraz, horra Garazirentzat zenbait galdera:

  • Zer iruditzen zaizu aipatutako gehigarri biak? Bietatik zein iruditzen zaizu erabilgarriena?
  • Zein alde dago foxmarks eta del.icio.us/bildu.net-en artean? Zein abantaila du batek eta besteak?

PS. Lehengo astean blogean parte hartzerik izan ez zenutenak, aukera ona duzue oraingoan gai honen inguruan aritzeko.

2 Responses to “Norbere iturriak kudeatzeko tresna bi”

  1. Garazi says:

    Lauhileko honetan klasean interneteko web gune desberdinak eta beste zenbait xehetasun aztertzen ari gara. Duela gutxi, xehetasun horietako bi ikusi genituen: Foxmarks Bookmark Synchronize eta OpenSearchFox.

    Nire ustetan eta nik interneten egiten dudan erabilerari lotuta, bigarrena interesgarriagoa edota erabilgarriagoa egiten zait. Foxmarks ere tresna polit bat dela iruditzen zait, interneten lan asko egiten baduzu eta web gune zehatz batzuk erabiltzen badituzu beti. Nik aldiz, gustuko web guneak bi edo hiru ditut eta normalean interneten sartzen naizenean saltseatzea gustatzen zait web gune desberdinen artean. Hau da, gogoko ditudan web guneak alde batera utzi eta beste esparru guztietan aritzen naiz web gune berri bila. Beraz nire kasuan, Foxmarks ez zait asko interesatzen zeren eta nire gustuko web guneak gutxi dira eta memoria nahiko ona dudanez guztiak gogoratzen ditut. Egia da gutxi izanda ere bilduta banitu zuzenean sartzeko errazagoa litzatekeela baina oraindik ez dut horren beharrik.

    Aldiz OpenSearchFox guztiz beharrezkoa iruditzen zait denbora asko aurreztu dezakezulako. Tresna honekin, interneteko web gune ugarira sartzeko bide zuzena eduki dezakezu zure nabigatzailean. Hori dela eta, ez zara ibili behar sartzen eta irtetean edota web gune bat zabaltzen eta ixten. Hau da, ez zara berriz ere hasierara bueltatu behar beste web gune bat bilatzeko edota ez duzu nabigatzailea berriz ere zabaldu behar web gune bat aurkitzeko. Beraz lanerako eta baita bizitzako beste arlo batzuetarako, oso erabilgarria ikusten dut tresna hau.

    Laburbilduz, eta nire iritzia da, bi hauetatik interesgarriena OpenSearchFox izango litzateke, hala ere, Foxmarks ere erabilgarria iruditzen zait baina ez nire kasurako.

    Bi tresna hauetaz gain, lehen aipatu bezala klasean zenbait web gune ikusi ditugu, adibidez del.icio.us eta bildu.net. Bi web gune hauetan ere izena eman beharra dago eta horren ondoren jada hasi daiteke zure lana. Bi hauetan norberak nahi dituen laster-marakak ezartzen ditu eta horren arabera etiketak sortzen dira. Hau da, niri web gune bateko artikulu bat interesgarria iruditu bazait, laster-marketan gehitzen dut eta etiketa bat jartzen diot. Gero, bi web gune hauetako bakoitzean etiketak edo tags arloan, gehien erabiltzen diren hitzetatik gutxien erabiltzen direnetara agertuko dira eta horrelako hitz batean klik eginez gero, jendeak gehitutako artikulu, web gune, notizia…etara eramango zaitu. Beraz tresna garrantzitsua da, etiketen arabera jendeak aukeratutako informazioa ikusteko. Adibidez bildu. net-en momentu hauetan gehien erabilitako etiketa IKO O6 eta INTERNET dira. Noski aurreko egunean guztiak aritu ginen izen horrekin gauzak gehitzen eta hori dela eta, gehien erabilitako etiketen artean dago.

    Foxmarks eta orain azaldu ditudan bi web gune hauen artean lotu estua dago. Hiruretan, norberak aukeratutako web gunea gordetzen da eta horrela berriz ere gune hori aurkitzeko beharrik ez dago. Hala ere, Foxmark pribatuagoa da. Hau da, norberak bere laster-markak biltzen ditu bai kontukoak eta baita ordenagailukoak ere, baina hori norberarentzako da eta norberak erabiltzen ditu bere laster-markak. Aldiz beste bietan, laster-marken bitartez etiketak egiten dira eta hortik beste pertsona batzuk ere erabil dezakete.

    Laburbilduz, Foxmarks norbere kontsumorako gehiago ikusten dut eta aldiz beste biak norbere kontsumorako eta baita konpartitzeko ere. Beraz nik, del.icio.us eta bildu. net nahiago ditut jendearekin konpartitzeko eta bata bestearekin informazioa elkartrukatzeko.

  2. Estibaliz says:

    Nik pertsonalki Del.icio.us dut gustuko, oso informazio interesgarria aurki dezakezu jendeak tags-en bidez bildutako lasterbideetan. Gainera, jendearen preferentziak ezagutzeko tresna paregabea da, bakoitzak bere kontuan bildutako lasterbideen bidez pertsonari buruzko informazioa jaso baitezakegu.

    Hala ere, informazioa bilatzeko horrelako tresnak erabiltzean, komenigarria da beti lasterbidean agertzen den informazioa kontrastatzea eta informazio horren iturria zein den jakitea; informazioa web orrialde batean agertzeagatik ez du zertan fidagarria izan behar.

    Bestetik, del.icio.us bezalako tresna erakargarriak erabiltzean, non informazio mordoa eskaintzen den, ez dugu ahaztu behar, Alfons Cornella bere artikuluan aipatu bezala, zeintzuk diren gure bilaketa preferentziak.

Leave a Reply