Azken klasean Irati Azkue, Gaindegiako komunikazio arduraduna, gonbidatu genuen Gaindegiari buruz, baina bereziki Datu-Talaiaren gainean berba egitera. Saioan ikusi eta ikasitakoa Maialenek laburbildu du. Eskerrik asko biei, Iratiri eta Maialeni.

“Gaur egun internetak eta teknologia berriek izugarrizko indarra dute, urteetan zehar poliki-poliki lortu dutena. Horren eraginez guztion bizimodua aldatu da neurri batean, informazioa bilatzeko esaterako bide desberdinak erabiltzen dira momentu honetan, aurreko urteekin alderatu ezkero.

Orokorrean ez gara arrazoi jakinik gabe informazioa bilatzera joaten , gehienetan lan, proiektu…zehatzen batek bultzatzen gaitu liburu, internet zein aldizkarietara behar ditugun datuak jasotzera. Azken urteotan interneta da horretarako erabiltzen dugun medio nagusia, liburu, prentsa edo eta entziklopediek indarra galdu dute erabat eta automatikoki ordenagailura jotzen dugu.

Euskal Herriari buruzko edozer topatu nahi dugula? Bi orrialde ditugu interneten, non datu, txosten…edo eta mila informazio topa dezakegun, bat www.gaindegia.org eta bestea, www.datutalaia.net. Biak dira aproposak informazio zehatza bilatzeko, segidan zehaztuko ditut webgune bakoitzaren berezitasunak.

Gaindegia erakunde burujabea, irekia, malgua, joera asko biltzen dituena eta Euskal Herria oso osorik aztergai hartzen duena da. Euskal Herriko errealitate sozio ekonomiko nazionala du abiapuntutzat eta jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak bildu dira proiektu hau aurrera eramateko. Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea du helburutzat gaindegiak, aurrerapena alde batera utzi gabe. Horretaz gain helburuak hiru esparrutan banatu daitezke: momentuko egoera aztertzea, loturak sortzea eta informazioa zabaldu eta horrekin batera, eztabaida bultzatzea. Erakunde honen laguntzaileak asko dira esaterako, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza…besteak beste. Azken urte hauetarako finkaturik dituzten helburu nagusienak honakoak dira, kide berriak lortu, konpromiso sendoak bermatu eta adostasun maila handitzea, beste batzuen artean. Gaindegian era desberdinetako informazio iturriak aurki daitezke, behategiko lanak, dossierrak, albisteak, artikuluak…mila gauza daude, lanak egiteko zein informazio interesgarria bilatzeko edozein momentutan lagungarri izan daitezkeenak.

Bestalde, www.datutalaia.net-en sartuz gero Euskal Herriari buruz egin daitezkeen ia galdera guztien erantzunak aurki daitezke, hau da, datu zehatzak, ikerketa sendoei esker lortutakoak. Gai potoloei buruzko datuak bilatzeko bide egokienetarikoa dela esan dezakegu. Orrian bertan ikus daitekeen bezala, demografia, jendartea, laborantza, euskara eta hezkuntza…moduko gai nagusiak daude. Horrekin batera, azpigaiak ere badaude eta herrialde, eskualde, udalerri… zehatzak aukeratzea ere posible da, horren inguruko edozein datu topatzeko. Esaterako, Arrasateko herriko etxebizitzen inguruko datu bat topatzea nahi baduzu, web orrialde honetan sartu eta berehala izango duzu behar duzun informazioaren berri.

Bi web orrialde hauek oso aproposak dira lan, proiektu edo eta txostenak egiterako orduan erabiltzeko. Badirudi euskal bilatzaileak ez ditugula kontutan hartzen eta google edo tankerakoetara jotzen dugu zuzenean, baina hauek adibide garbiak dira. Euskal Herriarekin lotura duten gaiei buruzko informazioa bilatzeko aukera ona badago eta ohitura hartu beharko genuke, gure esku dauden bide hauek kontutan hartzeko edozein behar informatibo dugunean.”

11 Responses to “Gaindegia eta Datu-Talaia”

  1. Karmele says:

    Kaixo Maialen

    Oro har, Irati Azkuek esandakoa jaso duzu, baina egiten dituzun baieztapen batzuk ez dira zuzenak.

    Hasteko Datu-Talaian ezin da, zuk diozun moduan, “Euskal Herriari buruz egin daitezkeen ia galdera guztien erantzunak aurki daitezke”, Iratik oso ondo azaldu zigun zer eskaintzen duten eta zer ez. Eta Datu-Talaian gai jakin batzuetako (demografia, jendartea, laborantza hezkuntza eta euskara) adierazle estatistikoak eskaintzen ditu, ez gehiago ez gutxiago.

    Bestalde ez duzu argitzen Gaindegia eta Datu-Talaiaren arteko harremana. Gogoan duzu Iratik zer esan zuen?

    Bukatzeko, azken paragrafoan zera diozu:

    “Bi web orrialde hauek oso aproposak dira lan, proiektu edo eta txostenak egiterako orduan erabiltzeko. Badirudi euskal bilatzaileak ez ditugula kontutan hartzen eta google edo tankerakoetara jotzen dugu zuzenean, baina hauek adibide garbiak dira.”

    Batetik Gaindegia eta Datu-Talaia ez dira web orriak, webguneak baizik. (Ikus horren gainean J. Aranzabalen azalpena). Eta bestetik euskal bilatzaile bakarra dago, elebila, Gaindegia eta Datu-Talaia aldiz ez dira bilatzaileak!

    Besteoi, zer iruditu zitzaizuen hitzaldia? Iruzkin, oharrik edo bestelakoak ondo etorriak izango dira…

  2. Itziar says:

    Nik pasa den urtean lehenengo aldiz izan nuen Datu Talaiaren berri. Izan ere Soziologia ikasgairako ikasi izan behar genuen. Oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan eta gerora behin baino gehiagotan kontsultatu izan dut bai klaseko lanen batean erabiltzeko bai maila pertsonalean. Gainera webgunearen antolamenduari ezker edozein datu aurki dezakezu erraztasun osoz.

  3. Garazi says:

    Nik lehenengo aldiz Datu-Talaiari buruzko informazioa Iratiren eskutik izan nuen. Ez neukan sekula entzunda horrelakorik. Hala ere, interesantea iruditu zitzaidan adibidez deografiari buruzko informazioa aurkitzeko edota euskararen erabilerari buruzko informazioa bilatzeko. Baina uste dut diru laguntza gehiagorekin datu gehiago lortuko lituzketetla eta denontzat interesgarriagoa izango zela horrela. Hau da, gero eta informazio eta gai gehiago hobeto.
    Itzaldiari dagokionez gustatu zitzaidan, erabilgarria da eta gainera ez zen oso luzea izan.

  4. Itsaso says:

    Egia esan Itziarrek esan duen bezala Datu Talaiaren berri aurreko urtean izan genuen, soziologia ikasgaiari esker. Baina, Irati etorri arte ez neukan oso garbi zer zen, ezta zer eskaintzen duen ere.

  5. Amaia says:

    Aupa, orkestra!

    Hala da, orain urtebete Datu Talaiak argitaratutako txosten bat ikasi behar izan genuen soziologiako azterketarako. Ni Euskal Herriko demografiaren datuarekin gelditu nintzen. Ba al zenekiten edo gogoratzen al zarete Euskal Herrian 3.000.000 lagun bizi garela gutxi gorabehera?

    Bestalde, hitzaldian Iratik esan zuen gauza batek harritu ninduen: bertan aurkitzen ditugun datuak guk eraldatzeko aukera daukagula edozein lan egiterako orduan.

    Besterik ez, ondo segi!

  6. Idurre says:

    Kaixo! egia esan neuk ere entzuna nuen Datu Talaiak argitaratu ohi dituen txosten eta informazio interesgarri hauen gainean zertxobait. Iaz (lehen mailan geundela) Soziologia ikasgaian horietako txosten bateko informazioa ikasi behar izan genuen azterketarako, gogoratzen zenbat datu? puf! Interesgarria zen, baina guri banatu ziguten txostena, nahiko zaharkitua ere bazegoen.

    Ala ere, Iratiren hitzaldiak argitu zidan benetan zer nolako informazioa jasotzen zuten, nola kudeatu eta argitatzen zituzten txostenak. Harriturik ez, oso harriturik geratu nintzen horietako txosten bat egiteko behar diren baliabide eta denboraren gainean mintzatu zenean. Orduan konturatu nintzen datu hauek ez direla egun batetik bestera jasotzen, hilebeteak eta askotan urteak behar izaten direla horrelako txostenak egiten. Zer esanik ez, txosten horiek eguneratzeak ematen duen lanaz.

    Ia hemendik urte batzuetara erabilgarria izaten zaigu Iratiren hitzaldia eta Datu Talaiako informazio oro.

    Besterik gabe, ongi segi orkestra!

  7. Ihintza says:

    Ez nintzen sekula pentsatzen jarri baina izugarrizko lana egiten dute. Oso hitzaldi interesgarria iruditu zitzaidan eta Iratik oso ondo egin zuen bere lana. Guregana oso ongi iritsi zen.
    Bejon deiola!!

  8. Ane says:

    Gabon Kml!

    Orduan azkenean ostegunean 10etan puntuan Parlamentuan? Egia esan,hitz egiten egon gara eta ez dakigu bertara joaten, baina galdetuko dugu edota geratuko gara taldekideok behintzat errefrentzia puntu baten, ezta? Itziarrek esan didanez Florida parketik gertu dago.

    Bestalde, gauza bat ez zait oso argi geratu: gero zer daukagu arratsaldea libre edo zure klasea bakarrik libre?

    Beste barik, zure erantzunaren zain agurtzen naiz.

  9. Karmele says:

    Klasean hitz egin nuen horretaz, bai autobus ordutegia zein zen bai autobus geltokitik Parlamentura nola heldu (horretarako infogelan google maps erabili genuen).

    Libratzen den klasea nirea da.

  10. Ane says:

    Sentitzen dut baina ez ginen konturatu, barkatu. Kontua da iritsi ginela, ez garaiz, baina iritsi bai.
    Bestalde, Gorkak eta biok hainbat argazki atera genituen PARLAMENTUAN eta ez litzake gaizki egongo hemen bat edo bat eskegitzea, bizitasun pixka bat emateko eta parlamentuaren inguruko informazioa euskarri grafiko batekin osatzeko.

    Zer iruditzen zaizue?

  11. kml says:

    Guztiz ados proposamenarekin. Blog honetan letra gehiegi dago.

Leave a Reply