Gaur, Liburuaren eguna ospatzen da hainbat lekutan. UNESCOk 1995. urtean izendatu zuen apirilaren 23a liburuaren nazioarteko egun gisa. Beraz, nahiko ospakizun berria da.
Zergatik aukeratu zen egun hori? Zenbait arrazoi daude horretarako, nagusienak aipatuko ditut: alde batetik egun horretan bi idazle famatu hil zirelako: Shakespeare eta Cervantes. Biak ala biak, antza denez, egun berean eta urte berean hil ziren, 1616.ean alegia. Kontua da, sasoi hartan Espainia eta Ingalaterrako egutegiak desberdinak zirela, batean gregoriarra zen, eta bestean juliarra. Bi egutegiak ez datoz guztiz bat, eta beraz, Shakespeare egun bat arinago hil zen Cervantes baino. Baina, tira, hori oso garrantzitsua da?
Bestalde, Espainian 1930. urtetik Liburuaren Eguna apirilaren 23an ospatzen zen. Hasiera batean Bartzelona inguruan errotu zen Liburu Egunaren ospakizuna. Urteak aurrera joan ahala, ohitura Katalunia osotik zabaldu zen, ohikoa bihurtuz elkar maite zuten pertsonek larrosak eta liburuak elkartrukatzea. Horregatik maiz liburuaren egunaren sinbolo gisa larrosa erabiltzen da.
Katalanek beraz, gaurko egunez, bi ospakizun dituzte: batetik, liburuaren eguna, eta bestetik, “Diada de Sant Jordi”, hau da, katalan nazioaren eguna. Sant Jordi, Saint George, San Jorge, edota euskaraz galdutako Done Jurgi, dragoia hil zuen erromatar soldadu kristaua izan zen, eta zenbait herrialdetako patroia da, besteak beste, Kataluniakoa eta Ingalaterrakoa.
Liburuaren egunera bueltatuz, gaurko egunez aipatzen ez den kontu bat bada, UNESCOk, nazioarteko editoreen elkarteen eskariz, apirilaren 23ari World Book and Copyright Day izendatu zuela, hau da, Liburuaren eta Egile Eskubideen Munduko Eguna.
Ospakizun eta aldarrikapen eguna
Egun honen kariaz, liburutegi gehienek zerbait ezohikoa, berezia, apartekoa programatzen dute. Baina kontraesana hortxe dago. Europako artezarau bati jarraituz, liburutegiak liburuak maileguan uztearren, egile eskubideengatik kanon bat ordaintzearen kontra daude, baina gaurko eguna ospatzen dute, Copyrightaren eguna den arren.
Beraz, liburutegi batzuk apirilaren 23a ospatzen duten bitartean, beste batzuk aldarrikapenetarako egun gisa erabiltzen dute. Ikus esate baterako kanonaren aurkako plataformak gaur sarean jarritako komunikatua.
Entries (RSS)
Apirila 24th, 2008 at 2:55 pm
Kanona ordaintzekotan liburutegiak ez lirateke publikoak izango. Zenbatekoa izango litzateke? Suposatzen dut asko ez dela izango (batez ere, liburuaren prezioarekin alderatuz gero), baina dena den kriston dirutza aterako lukete gure kontu.
Apirila 27th, 2008 at 11:05 am
Kanonarena arazo konplexua da, eta bi esalditan laburtzea zaila da. Kontua da 2007tik Europar arau bat badagoela, liburutegitik liburu bat maileguan hartzeagatik, liburuaren egileari kanon bat ordaindu behar zaiola ezartzen duena. Ipar Europako herrialdeetan (adb. Danimarkan) hori aspalditik egiten da, aldiz hegoan ez.
Kanona oraingoz administrazioak ordaintzen dio CEDROri, eta erakunde honek egileen artean banatzen du. Eta bai, dirutza da, eta kulturaren erabateko merkantilizazioa dakar. Horregatik bai liburuzain, bai egile, bai erabiltzaile ugari horren aurka daude.
Maiatza 27th, 2008 at 4:42 pm
Behin idatzitakoa borratu ostean… hemen naiz berriro!!
Musika diskekin berdin hasi ziren eta pirateoaren gorakada baino ez zuten lortu!!
Zertarako bide berdina jarraitu?
Betidanik pentsatu izan dut edozer idazten duen idazle batentzat, tontorraren tontorra izan beharko lukela, norbaitek bere liburua irakurtzea eta amaitzerakoan horizontera begira geratzea tonto aurpegi interesantearekin. Ez dakit besteak, baina hori behintzat da nik egiten dudana benetan irakurritakoa gustatu ba zait
Baina, ulertu behar da horrek boltsikoak ez dituela betetzen, hortaz bizirauteko fisikoki behintzat ez du balio.
Bueno, irtenbide bila jarri beharko gara, Kultura eskubide bat delako, ez ordaindu dezaketeen (bost zenbat) pribilejioa.
Galdetu beharko diegu orduan Copyleft-a erabiltzen dutenei, nola bizi daitezken.