Inkisioak XVI. mendean Index Librorum Prohibitorum et Expurgatorum sortu zuen, hau da, Eliza Katolikoak debekatzen zituen liburuen zerrenda. Hala egile batzuren obra osoa, lanen bat edota kapituluren bat irakurtzea debekatzen zuen fedearen kontra joatearren.
Zerrendaren lehen edizioa 1559an kaleratu zen, eta eguneratuta mantentzeko 1571. urtean Indizearen Kongregazio Sakratua sortu zen. Eta harrigarria bada ere, XX. mendera arte mantendu da indizea. Azken edizioa 1948. urtean argitaratu zen, 4.000 titulu zituen eta 1966. urtera arte indarrean iraun zuen.
Indexean obra edo egile bat sartzeko arrazoiak asko izan zitezkeen. Esate baterako Elizak ezarritako egi edo dogmen kontra joatea: Koperniko edo Kepler-ek lurrak eguzkiaren inguruan biran zebilela esateagatik zerrendan mende bat baino gehiago egon ziren. Halaber heresia edota sexu aipu esplizituengatik hainbat obra Indexean sartu zituzten. Pentsalari eta filosofo (Spinoza, Descartes, Kant, Hume…) ugariren lanak zerrendatu ziren. Are gehiago ateismoagatik eta Elizaren kontrako jarrerarengatik Schopenhauer, Marx edota Nietzsche-ren argitalpenak kalera irten orduko debekatuta zeuden.
Beraz, mendebaldean irakurketarik interesgarrienak Elizak irakurketa zirkuitutik kanpo atera zituen.
Biblioteketan, liburu madarikatuen zerrenda liburuzainek aplikatu zuten. Beraien ardura zen halako libururik bibliotekan irakur ez zedin bermatzea. Imajinatzen dut liburuzainarentzat alde batetik ardura handia izan zela zerrenda aplikatzea, eta liburuok irakurtzen ez uztea (halako obrarik irakurtzeak eskumikatzea baitzekarren); baina bestalde konplizeak izan ziren. Edo ez. Agian beraiek irakurri zituzten liburuok. Auskalo!
Gogorazpena
Martxoan blogean jarritako testuak apirileko lehenengo klaserako erantzunda egon behar dute (hau da, apirilaren 3rako). Beraz, Idurre, Malen eta Imanol animo! Besteon parte hartzea asko estimatuko dudala imajinatzen duzuelakoan nago…
Bestalde, gaurtik hasita, orkestrako zuzendariak blogean jarritako testu berri bakoitzari astebeteko epean erantzun beharko zaio.
Entries (RSS)
Maiatza 11th, 2008 at 5:48 pm
Kopernikok Eguzkia unibertsoaren erdigunea zela esaten zuen eta ez hori bakarrik, baita planeta guztiek, Lurrak barne, bere inguruan bira egiten zutela ere. Gaur egun ere munduko erdigunea izan nahi dugu. Dirudienez, XVI. mendean ez ziren gu baino askoz ezberdinagoak eta jendeak ez zeukan eskubiderik euren iritziak, ikerketak eta abar modu librean adierazteko.
Maiatza 14th, 2008 at 1:43 am
Index Librorum Prohibitorum-ek XVI .mendetik XVII.en bukaeraraino iraun zuen. Bere eginkizuna eliza katolikoaren dogmen kontra zeuden ideologien inguruko testuak zentsuratzea izan zen, eta baita heresia edota sexu aipu esplizituak egin zituztenak.
Beraz, garai hartako herritarrek ezin zezaketen eliza ez zen beste pentsamendu batengan sinistu ez bazituzten euren teoria propioak sortzen behintzat. Izan ere, publikatzen zen bakarra elizaren aldekoa zen, beraz, informazio-iturri bakarra elizaren gustuetara mugatzen zen. Hortaz, jendearen iritzia eta burmuina eliza katolikoak eurengan sortutako kontzientziengatik guztiz bahituak zeuden.
Gaur egun, aldiz, adierazpen askatasun “osoz” jokatzen dugu, iritziak zein ideiak adierazterako orduan. Orain askozaz liberalagoak gara, baina aldi berean, korapilotsuagoak dira gure ideiak, pertsona askoren iritzietatik, hedabideetatik, artetik etab.etatik edateko aukera izan dugulako, gure iritzi propioa izateaz gain. Horregatik, lehen ez bezala, orain askotan ez dugu jakiten nora jo: norengan sinistu, nondik gatozen definitu, nora joan nahi dugun…
Bestalde lehen zentsura kodea abitudun jaunek kontrolatzen zuten eta gaur, aldiz, gorbatadunek. Libreak omen gara ideiak adierazteko orduan, baina beti daude eta egongo dira guregana helduko ez diren informazio-iturri edota multinazionalen aitei interesatzen ez zaien iritziak. Ez gaitezen engainatu. Gaur egun gizartea, politika eta erlijioari dagokienez ere, ezin dugu guztiz neutrala den informazioa eskuratzera heldu. Baina lehen ez bezala, orain informazio-iturri askozaz gehiago ditugu: liburuak, internet, hedabideak, lagunak, literatura, dokumentuak etab… Ondorioz, gaur egun hamaika informazio kontrastatu ditzakegu iritzi propioa eraikitzeko, gero hori adierazteko askatasuna daukagu eta gure ingurukoekin eztabaidatu edota ados egoteko.