Mundo.hoy-k emititutako “Mundua Google-en erara” dokumentala ikusi genuen lehengo astean. Eta aitortzen dut, zer pentsa ugari eman didala, eta hasi naizela Google beste begirada batekin begiratzen, pentsatzen zer egin dezakedan Google -bilatzailea eta beste zerbitzuak- erabiltzen dudan bakoitzean informazio minimoa uzteko bertan.
Dokumentalean txanponaren alde biak ikusi ditugu, Google bilatzailea zer den, zelan funtzionatzen duen, enpresaren instalazioak, langile zoriontsuak, negozio arrakastatsua,… eta bestetik, planteatzen dituen arazoak eta eragozpenak, datuen babesa, liburuen digitalizazio prozesua, egile eskubideak, etabar.
Orkestrak dokumentala klasean ikusi zuen, baina hemen ere ikus daiteke:
Beraz, dokumentalari buruz galdera batzuk prestatu ditut Imanolentzat:
- Zein da Google-en helburua? Zertan datza bere arrakasta? Zein da Google-n bataz besteko merkatu kuota?
- Bilatzaileak nola funtzionatzen du? Hau da, nola bilatzen eta antolatzen du informazioa? Neutrala da? Zer dio Internet Archive-ko ordezkariak horri buruz?
- Google-ek munduko leku guztietan berdin funtzionatzen du? Zer gertatzen da Txinan?
- Google, enpresa gisa, noiz sortu zen? Boltsan kotizatzen du? Urteko irabazi gordinak zenbatekoak dira? Irabaziak nondik eskuratzen ditu? Badago esaldi bat, enpresaren politika laburbiltzen duena, zein da? Zer esan nahi du?
- Zenbat langile ditu? Langileen lan baldintzak zeintzuk dira? Asteko egun batean % 20a zeri dedikatu diezaiokete?
- Zein harreman dago Google eta Stanfordeko unibertsitatearen artean?
Halaber beste galdera hauek Amaiarentzat dira:
- Dokumentalean une desberdinetan aipatzen dira Googlek planteatzen dituen arazo nagusiak, zeintzuk dira?
- Erabiltzaileen informazioa gordetzen dute? Zenbat denbora? Zertarako? Open Rigths Group elkarteak zer dio?
- Google-en liburuen digitalizazio proiektuan zein motatako liburutegiak parte hartzen dute? Zein da liburutegien eta Google-en arteko tratua? Zer egiten du batek eta zer besteak, eta trukean elkarri zer ematen diote.
- Zelan digitalizatzen dituzte liburuak? Google-k zelan digitalizatzen duen ikusi genuen? Zergatik?
- Zein arazo planteatzen du Googlen digitalizazio egitasmo honek?
- Eduki Irekien Aliantza (Open Content Alliance) zer da? Zer planteatzen du?
Entries (RSS)
Martxoa 22nd, 2008 at 2:06 pm
Kaixo, orkestra!
Egia esan, gauza bitxi eta harrigarri asko entzun eta ikusi nituen dokumentalean, ez nuen uste Google leihoaren atzean horrenbeste kontu egongo zirenik, baina egunero ikasten omen da zerbait eta ea zuek, nik bezala, zerbait ikasten duzuen ondorengo testutik. Beste barik, goazen Google-en itsaso zabalean aurki daitezkeen galdera batzuei erantzuna bilatzera!
Hasteko, Google-ek planteatzen dituen arazo nagusiei buruz jardungo gara. Hauek dira besteak beste Google-en arazoak: Google informazio iturri bakarra bihurtzeko arriskua, jabego eskubide arazoak edota pribatutasun arazoak. Jarraian banan-banan sakonago aztertuko ditugu.
Google informazioaren monopolio bihurtzeko arriskuari dagokionez, zera esan dezakegu: ikuspuntu bakarrean oinarritutako hezkuntzak pertsona guztiak pentsatzeko modu bera edukitzea ekarriko duela, beraz, ikuspuntu bat eta bakarra egongo litzateke guztiontzat. Eta arazo hori oso larria izatera hel daiteke pentsamendu kritikoa garatzen ez badugu. Pentsamendu kritikoa, kontraste eta konparazio bidez garatutako pentsamendua izango litzateke eta ikuspuntu bakoitzak zer dioen eta horietatik zer ondorio atera daitezkeen analizatzen jakin beharko genuke. Interesgarria da informazio berdina eskainita, perspektiba desberdinak ateratzea. Bilatzaile bakarrak dominatzen badu merkatua, bilatzaile horren egia izango da egia unibertsala eta ez da lekurik egongo beste ikuspuntu batzuetarako. Hori guztia, dokumentalean esaten den “in Google we trust” esaldiarekin laburbildu daiteke.
Jabego eskubidea dela eta, Google enpresak eskaintzen duen informazioa beraien jabeen eskubideak ordaindu gabe egiten du, eta alde horretatik ere Google arazo baten aurrean dago.
Bestalde, pribatutasun arazoa ere planteatzen da. Google-ek bilatzaile zein zerbitzuetatik informazio ugari biltzen du: bisitatutako guneen historia, bilatutako hitzak… Hori gutxi balitz, zerbitzuak erabiltzeko beraiek eskaintzen dituzten baldintzak onartu behar dira. Eta erabiltzaileen datuak 18-24 hilabetean anonimo bihurtzen direla diote, baina, ez dituzte suntsitzen. Beraz, beraien datu basean gordeta gelditzen dira.
Horregatik, esan genezake Google-en erabiltzaileen informazioa gorde egiten dela. Baina Marissa Mayer-ek (bilaketarako produktuak eta erabiltzaileentzako zerbitzuko lehendakariordeak) baieztatzen du erabiltzaileen bilaketetako datuak ez dituztela gordetzen erabiltzaile horien perfil bat sortzeko, baizik eta lortutako informazio horrekin, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Datu bezala bakarrik erabiltzen dutela ziurtatu zuen, bilaketak nola hobetu deskubritzeko modu bezala erabiltzen dutela zioen. Eta adibide bezala zera jarri zuen: pentsatzeko gu futbola hitzari buruzko informazioaren bila genbiltzala, horretarako, bilatzailean futbola jarri eta hirugarren aukera sakatzen bagenuen, agian, hurrengo batean guk aukeratutako hirugarren aukera hori lehenengo aukera bezala agertuko dela esan zuen. Beraz, datuak bilatzaileko kalitatea hobetzeko direla ziurtatu zuen, modu horretara erabiltzaileari zerbitzu hobea eskaintzeko, hain zuzen.
Horri guztiari aurka egiten, Open Rights Group elkartea daukagu. Klasean ikusitako dokumentalean, elkarteko kide den Ian Brown-ek hitz egin zuen eta zera adierazi zuen: Open Rights Group era digitaleko informazio pribatua babesten saiatzen den organizazio britainiarra dela. Bere ustez, miresgarria da Google-ek eskaintzen duen informazio publiko guztira sarbidea edukitzea, baina, informazio pertsonalari dagokionez, Google arduratsuagoa izan beharko litzatekeela esan zuen. Esaterako, Brown-i ez zaio egokia iruditzen berari buruzko informazio pribatua gobernu britainiarrak eskuragarri izatea.
Hori dela eta, Open Rights Group-eko kideak geroz eta gehiago arduratzen dira Google erabiltzeko moduan, adibidez, beraien ustez Google mail edo calendar erabiltzean informazio pertsonalari buruzko hainbat datu jasotzen dituztelako. Hala ere, Open Rights Group-ek ez du uste Google-ek informazio pertsonalari buruzko erabilera okerra egingo duenik, baina, horren atzean beste modu bateko interesa eduki ditzaketen pertsonak edo erakundeak egon daitezkeela uste du. Esaterako, gobernua. Aurreko urtean Estatu Batuetako gobernuak Google-i erabiltzaileek zerri buruzko informazioa bilatzen zuen galdetu baitzion. Open Rights Group-en ustez, Google-ek informazio pertsonalari buruzko erabilpen txarra egiten ez badu ere, horrek ez du esan nahi, ez direla egongo beste pertsona batzuk informazio pribatu horretara hel daitezkeenak, eta orduan hasten dira arazoak.
Google-en liburuen digitalizazio proiektuari buruz ere jardun ziren dokumentalean, eta jarraian gai horri helduko diogu. Google-ek badauka nahiko teknologia mundu guztian zehar publikatutako liburuak biltegiratzeko, baita horiek munduan banatzeko sare egokiak ere, eta azkenik, gizarte ireki batean bizitzeko gogoa duenez, Google hasi da liburuak digitalizatzen.
Google-en liburuen digitalizazio proiektuan, dagoeneko mundu guztiko 6 liburutegiekin erkidetu da. Horietako bat Standford-ko unibertsitatekoa da, beraz, bildumako materiala digitalizatu eta on-line jartzeko lanean dihardute.
Google-ek Standford-ko liburutegiari berritzeko aukera eman zion eta horren trukean liburutegiak diru asko inbertitu behar izan zuen. Eta beraien artean ondorengo tratua egin zuten: kopia digitalen dohaintza eta erabilitako liburuak ez hondatzea.
Liburuak robot eskaner batekin digitalizatzen dituzte, baina, dokumentalean ezin izan genuen ikusi Google-ek nola digitalizatzen dituen liburuak beraiek horretarako teknologia berezia garatu baitute eta Google-eko bazkide ez den inork ezin du ikusi erabiltzen duten teknologia zein den. Hala ere, erabilitako teknologia oso interesgarria dela ziurtatu zuten bideoan, ez baita kaltegarria, beraz, bilduma aberatsak dauzkaten liburutegietara joan daitezke eta liburua hondatuko ez duen metodo batekin digitalizatzen omen dute.
Baina Google-en digitalizazio egitasmo horrek arazo bat planteatzen du: digitalizatutako liburuak publikoak ala pribatuak izango dira? Liburuak digitalizatu badira ere, galdera hori oraindik airean dago. Askok diote egokia izango litzatekeela jabego pribatukoak izatea, horien jabe enpresa bat izatea, Google esaterako. Baina beste batzuek, ordea, ez dute ondo ikusten liburu horiek arakatzeko enpresa bati baimena eskatzen ibiltzea.
Beste alde batetik, Open Content Alliance daukagu, hau da, Eduki Irekien Aliantza, eta erakunde horren ideia zera da: organizazio desberdinak bilduta, sarbide askeko liburuen gordailu bat sortzea. Modu horretara, liburutegi ireki baten antzeko sistema bat eraikitzeko. Eta beraiek planteatzen dutena Google aliantza horretara batzea izango litzateke, modu horretara liburuetarako sarbidea modu berean egingo baitzen eta azken 6 edo 7 urtean beraien artean horri buruz hitz egin badute ere, oraindik ez dute proposamen horretarako Google-en baietzik jaso.
Amaitzeko, sarean Google-i buruz aurkitu dudan bitxikeri bat eranstea gustatuko litzaidake. Dokumentalean ikusi genuen gutxi gorabehera Google-ek nolako egoitza zeukan, bada, jarraian egoitzako argazki batzuk ikus ditzakezue. Ikusi eta gozatu Google-en “paradisuarekin”!
http://www.elmundo.es/albumes/2008/03/07/google_zurich/index.html
Amaia
Apirila 6th, 2008 at 6:11 pm
Kaixo Amaia
Itzelezko lana egin duzula aitortzen dizut.
Nire ustez, datu pertsonalen erabilerari dagokionez, Google-eko ordezkarien hitzetan ez dago zertan konfiatu, besteak beste, beraiek enpresaren interesak babestu behar dituztelako. Eta hain zuzen ere gauzak ez daudelako batere argi Open Rights Group elkartea sortu behar izan da.
Liburuen digitalizazio proiektuari dagokionez, Google abiapuntuan 5 liburutegi unibertsitario eta New York Public Library-ko liburuak digitalizatzen hasi bazen ere, gaur egun proiektu horretan Europako, Asiako eta AEBko beste 19 biblioteka sartu dira. Besteak beste, Espainiako unibertsitate Complutensea eta Kataluniako Liburutegi Nazionala (Frantziakorik ez dago). Ikus hemen zerrenda osoa: http://books.google.com/googlebooks/partners.html
Kontua da, Google-en digitalizazio prozesuak zenbait arazo planteatzen dituela. Google-k digitalizazioa egin ostean, kopia digitalaren jabea Google baita, eta beraz, ezagutzaren patrimonializazio izugarria egiten ari da. Oraingoz, digilizatutako liburua sarean jartzen du, baina noiz arte egingo du hori?
Horregatik guztiagatik da hain interesgarria Eduki Irekien Aliantza (Open Content Alliance) ekimena, eta bereziki Internet Archive proiektua, ezagutzaren sarbide unibertsalaren aldekoa www.archive.org).
Galdera bat, Amaia, eta klaseko besteei, Google-en lan egitea gustatuko litzaizueke? AEBko gazteen gehiena, irrikatzen dago bertan sartzeko. Bai Bideoan bai Amaiak ekarritako argazkietan ikusten da Google-eko langileak gustora lan egiteko testuinguruan murgilduta daudela: gimnasioa, masajeak, jolastokiak,…
Apirila 8th, 2008 at 3:35 pm
Google enpresa 1998. urtean sortu zen. Bere sortzaileak Larry Page eta Sergey Brin izan ziren. Sortzaileak Stanfordeko Unibertsitateko, ikasleak ziren garai hartan eta gaur egun lehendakaria eta teknologia alorreko presidenteak dira, hurrenez hurren.
Google Internet bilatzailerik erabilgarriena eta fidagarriena da. Bere helburua, zure bilaketa ahalik eta hobekien erantzutea da, eta horretarako sare osoan dauden web-gune egokietara bideratzen zaitu. Googleren arrakasta, bere habiadura handian datza. Beste bilatzaileak %20 batean aurreratzen ditu eta horrek, onena izatea eragiten du. Habiaduratik aparte, bilaketa oso erabilgarriak egiten ditu, web-gune interesgarrienak lehenengo postuetan ezarriz. Merkatu kuotari erreparatuz gero, oso datu interesgarriak aurkitu ditut. Dirudienez, Googlek mundu osoan duen merkatu kuota %60koa da gutxi gora behera. Hala ere, hau da harritu nauena, herrialde batetik bestera aldaketa handiak daude. Europan duen merkatu kuota %80ko da eta AEBn berriz, bakarrik %42. Baina gehien harritu nauen datua, Googlek Espainian duen merkatu kuota da. Espainian duen kuota %99koa da, hau da, ia Espainiako jende guztiak Google erabiltzen du bilatzaile bezala.
Bilatzaile hau logaritmo mordoxka batzuen ekuazioen bidez funtzionatzen du. Logaritmo horiek hitz bat bilatzean zein web-guneetara jo behar duen markatzen diote. Bilaketa bat egiterako orduan sartu dituzun hitzak sare osoan bilatzen dira eta “PageRank” teknologiaren bitartez duten garrantziaren arabera sailkatzen ditu. Interneten ibili naiz googleren funtzionamenduari buruz irakurtzen, baina azalpen asko oso teknikoak ziren eta hemen adierazteko konplexuegiak. Labur eta azkar esanda, bilaketa bat egitean lau pauso ematen dira: kontsulta interpretatu, sartutako hitzak wordIDetan bihurtu, googleek duen Doclist ean bilatzen da termino guztiak dituen dokumentu bat aurkitu arte eta azkenik rankinga eratzen da. Hau ulertuz gero, argi ikusten da ezinezkoa dela Google objektiboa izatea. Bilaketak bere datu baseetan egiten dira eta naiz eta beste web-gune batzuetara bideratu, bere datu basean dauden web-guneak dira azken finean. Beraz, objektibitate edo neutraltasun osoa izatea ezinezkoa da.
Googleren funtzionamendua ez da berdina munduko toki guztietan. Gaur egun gehien hitz egiten ari den kasua Txinakoa da. Dirudienez bilatzailea zentsuratu egin behar du bere burua Txinako gobernuarekin bat eginez. Arazoak ekarri ditzaketen hainbat gai ezabatu dituzte, adibidez, Tibetekin izandako gatazkak edota Txinako giza eskubideak. Harrigarria badirudi ere, egia da eta El Paiseko erreportaje baten hainbat zehaztapen irakurri ditut. Egintza hauek, Google informazioaren gainean duen boterea erakusten du. Txinatarrentzat ez da Interneten Tibeteko gatazkei buruz informazioa existitzen. Izango ote dugu guk gai “taburen” bat?
Ikusi genuen dokumentaletik asko gustatu zitzaidana, Googleko langileen baldintzak izan ziren. Oso baldintza erosoan lan egiten dutela iruditu zitzaidan. Gaur egun, Googlek 5000 langile ditu gutxi gora behera eta astean 20 bat lagun berri kontratatzen ditu. Hilean 150.000 curriculum jasotzen dituzte. Langileen baldintza ezin hobeak jende asko erakartzen du. Hainbat abantaila dituzte. Bakoitzak bere ofizina nahi duen bezala edukitzea oso ideia hona iruditu zitzaidan. Esaten denez, Googleko langileak mimatuenak dira. Garbilekua, bazkari bikaina eta garraioa guztiz dohainik dituzte. Irakurri dudanez, googlelekoek mundu osoan ibili dira bi “chef” onenetarikoak bilatzen beraien Mountain View lantegiko bazkaltokirako. Ezer ez ordaintzetik aparte, astean behin beraien denboraren %20 beraien ideietan lan egiteko aukera ematen zaie. Honen ondorioz, Google Internet munduko pertsonarik indartsuenak bereganatzen ari da.
http://www.elpais.com/articulo/internet/Google/autocensura/China/elpportec/20060125elpepunet_1/Tes
Apirila 11th, 2008 at 12:35 pm
Kaixo Imanol
Zenbait galderei ez diezu erantzun, eta erantzun dituzunetan, erabilitako iturriak ez dira klasekoak izan. Ez dut dudatzen Interneten Google-n gainean handik eta hemendik irakurtzen ibili zarenik, baina bideoa abiapuntutzat harturik, blogeko galderak erantzutea eskatzen zen. Bestalde bideoaren osagarri Ganbaraberrin apunteak eskura izan dituzu galderei erantzuteko.
Esate baterako, eta adibide bat jartzearren, 4. puntuaren gainean (“Google, enpresa gisa, noiz sortu zen? Boltsan kotizatzen du? Urteko irabazi gordinak zenbatekoak dira? Irabaziak nondik eskuratzen ditu? Badago esaldi bat, enpresaren politika laburbiltzen duena, zein da? Zer esan nahi du?”) zure testuan ez diozu ezertxo ere ez.
…
PS. Abiadura hitzak h-rik ez du, aitzitik “nahiz eta”k bai.
Apirila 22nd, 2008 at 11:02 am
Kaixo, orkestra!
Karmelek ea Google-en lan egitea gustatuko litzaigukeen galdetu digu. Nik gustura asko egingo nuke bertan lan eta jarraian horren arrazoiak zeintzuk diren azalduko ditut:
1.- Eserleku lasaigarriak edukitzeaz gain, masajeak ere ematen dituztelako.
2.- Lan-ordu finkorik ez dagoelako, bakoitza nahi duenean has daiteke lanean eta nahi duenean amaitu.
3.- Bakoitza bere lanpostuz nahi duenean alda daitekeelako eta ordenagailu guztiek bi pantaila dituztelako.
4.- Bakoitza lanean bere mahaian egon beharrean, ordenagailu portatila deskantsatzeko tokietara eraman dezaketelako bertan lana egiteko.
5.- Ideia on bat bururatzen zaizunean, enpresaren toki guztietan daudelako arbelak zuk ideia hori idatz dezazun.
6.- Bilera garrantzitsu baten aurretik lasaitzeko “uraren egongela” dagoelako. Bertan eserlekuek masajeak ematen dituzte eta arrain-ontziei begira egon zaitezkeelako.
7.- Proiektu pertsonaletarako denbora ematen dizutelako.
8.- Pisu bakoitzean gutxienez bi deskantsatzeko toki daudelako eta horietan janaria doan ematen dutelako.
9.- Bilerak egiteko hainbat toki dituztelako.
10.- Enpresaren pisu batetik bestera jaisteko ez dago ez eskailera, ezta igogailuen beharrik ere. Horretarako, txirristak eta suhiltzaileenak bezalako barrak baitaude.
11.- Haurrak baldin badituzu, haurtzaindegi baten utzi beharrean, zurekin batera lanera eraman ditzakezulako .
12.- Kafetegian gosari eta bazkariez gain, afariak ere eskaintzen dituztelako.
13.- Enpresan bertan gimnasio bat ere badagoelako.
14.- Liburutegi handi eta atsegin bat dagoelako.
15.- Denbora librerako, besteak beste, pinball-a eta billarra daukatelako.
Egia esan, Google-ko langileak pozik egon daitezke enpresak eskaintzen dizkien aukera horiekin guztiekin. Uste dut ez daukatela kexatzeko arrazoirik.
Apirila 22nd, 2008 at 6:34 pm
Bai, bai, Google-en lan egitea ez da meategian lan egitea…
Ez dudana ulertzen zera da, Google-n ereduari zergatik ez dioten beste enpresek jarraitzen. Argi dago langilea pozik badago, enpresa hobeto joango dela. Hau da, langileak zenbat eta kezka (adb. seme-alabak) eta min (adb. masaje saioak) gutxiago, burua argiago izango du lan egiteko.
Ez dago dudarik lan eredu horrek langileari azken tanta ere ateratzen dio.