Lehengo hilean ezagutzaren gizartearen gainean, Daniel Innerarity filosofoaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Egun horretan bertan Informazio-dokumentazioa irakasgaiaren aurkezpen eguna zen, eta egia esan irakasgaiaren sarrera gisa ederto batean etorri zitzaidan.Gaurkotasun handiko gai baten inguruan bildu ginen, ezagutzaren gizarteaz zerbait ikastera. Innerarity-k hizlari trebea zela erakutsi zuen, eta ez ginen aspertu. Esate baterako Joxe Aranzabali izugarri gustatu zitzaion.

Hitzaldiak nolabait bi parte izan zituen: lehenengoan ezagutzaren gizartearen oinarrizko ezaugarriak deskribatu zituen, eta bigarrenean ezagutzaren gizarterako bost gomendio eman zizkigun (Joxek Faroan laburbilduta eskaini zituenak).

Deskribapenean, besteak beste, gehiegizko informazioa dugula eta erabiltzaile otzanak garela aipatu zuen. Hau da, informazioak gainditu egiten gaituela, desproportzio izugarri bat dagoela aukera eta gaitasunen artean. Antzina aldiz, pertsona arrunt batek jakin behar zuena eta zekiena parekatuago zeuden. Gaur egun informazio aukerak inoiz ez bezalakoak dira, baina hori ere arrisku bat da, gehiegizko informazioaren zurrunbiloan galtzeko aukera dugulako. Innerarity-k gehiegizko informazioak ezjakin berriak sortu dituela aipatu zigun. Hau da, informazioaren anabasak bizi dituen pertsonak. Irtenbideak: informazioa aukeratzea, iturriak identifikatzea, filtroak jartzea (behar ez den informazioa ez jasotzeko), eta irizpideak aplikatzea.

Esan gabe, bakerik ez

Innerarity gaian aditua dela aitortuta, eta haren autoritatea dudan jarri gabe, zenbait ohar egin gabe ezin naiz geratu, pare bat baino ez ditut aipatuko.

Hasteko, nire ustez, Innerarity-k ez zigun argi azaldu zein den ezagutzaren gizartea eta informazioaren gizartearen arteko aldea. Ezagutzaren gizarteko elementu garrantzitsu batean zentratu zen, informazioan, eta besteak ez zizkigun aipatu. Ematen zuen informazioaren gizarteaz ari zela ezagutzaren gizarteaz baino.

Bestalde, faltan bota nituen, jadanik gure artean arruntak diren hainbat kontzeptu klabe, esate baterako, infoxikazioa edota informazio-alfabetatzea. Infoxikazio hitzaren asmatzailea Alfons Cornella izan zen, eta gaur egun berba horrek erabateko arrakasta lortu du. Madrilen Dokumentazio jardunaldi batean entzun nuen Cornella lehen aldiz. Eta egia esan, bikaina iruditu zitzaidan. Zerbait gogoratzen badut bere hitzalditik bere esaldi bat da: informazioari buruz ari garela, “más es menos”.

Zein ezagutzaren gizartea?

Unescok 2005. urtean argitaratutako txostenean (Ezagutzaren gizarteetarantz edo Towards Knowledge Societies) argi planteatzen da: zer nolako ezagutzaren gizartea izango da gurea, baldin eta, ezagutza tradizionala baztertu edo galduko bada, eta eleaniztasunarentzat kaltegarri izango bada?

Horra beraz galderak Malenentzat: zergatik dago eleaniztasuna arriskuan ezagutzaren gizartean? Gaur eguneko egoera deskribatu eta bihar etziko joerak zeintzuk diren azaldu. Eta ez ahaztu zure iritzia ematea gai honen gainean.

Eta bukatzeko, zure ustez, Cornellaren esaldiak “mas es menos” zer esan nahi du?

2 Responses to “Innerarity eta ezagutzaren gizartea”

  1. malen says:

    Informazioa eta ezagutza nagusi den gizarte batean, gure jakintza mailak altua behar luke izan. Baina errealitatea ez da horrelakoa.
    Daniel Innerarity-k ezagutzaren gizarteari buruzko hainbat kontu azaldu zituen. Alde batetik, informazio gehiegi dugula aipatu zuen, bestetik, informazio horren aurrean dugun jarrera kontatu zuen, baita antzinako gizakiekin alderaketa bat egin ere. Behinola, gizaki batek jakin beharrekoa eta gertatzen zena neurtuz gero, oso parekatua zen informazio kantitatea. Hau da, gertatzen zenaren askoz ere berri gehiago zuten gure arbasoek. Orain ordea, askoz ere informazio aukera handiagoa dugu, izugarrizko uholdea sortzen da gertakari baten inguruan, eta informazio kantitate handi horrek, jakitun baino, ez jakin bihurtzen gaitu.

    Gehiegizko informazioa dugun gizarteari dagokionez, ez gaude zuzen uste badugu ez jakina dela inozoa. Informazio guzti horren inguruan galduta dagoena baita tontotzat har genezakeenaren prototipoa. Informazio kopuru handi hauek ito egiten gaituzte. Hori dela eta, kasu honen aurrean jokatzen jakin behar da. Innerarity-ren ustez unibertsitatean bertan ikasi beharko genukeen zerbait da, gaur egun oso gutxik baitakite informazioa zuzen nola kudeatu.
    Kudeaketak izugarrizko garrantzia du ezagutzaren gizartean. Informazioa aukeratzeko orduan, kritikoak izateko jarrera suposatzen baitu. Besteak beste, informazio ezberdinak kontrastatzea exijitzen baitigu gizarte honek. Jakituna ez da izango egunkari bat goitik behera irakurtzen duena, bi, hiru, edo agian lau egunkari ezberdin irakurri, gainbegiratu eta bata bestearekin alderatzen dituena baizik
    Informazioaren munduan ezinbesteko tresna hizkuntza da. Gaur egun 6000 hizkuntza inguru daude, baina gizarte mota honen ondorioz, mende amaieran ia erdiak gal daitezke. Informazio iturri nagusi bat Internet da. Interneten informazio ugari izan arren, hizkuntza ezberdinen aberastasunari dagokionez, hainbat eta hainbat hizkuntza kolokan daude.
    Behin klasean komentatu genuen bezalaxe, nahiz eta hiztun gehien dituen hizkuntza txinera izan, interneten ondorioz, gehien irakurtzen den hizkuntza ingelesa da. Sarean ingelesaren erabilera nolabait masibo hau, Globalizazioarekin alderatu genezake. Fenomeno honek, nolabait munduko literatura guztiak hartu eta handi bat osatu du, banan-banan txikiak ahaztuz, eta hizkuntzekin berdina ari da gertatzen. Ingelesaren ondoan, hiztun gutxiko hizkuntzak arriskuan daude, beraz, horrela ondorioztatu daiteke, nahiz eta informazio kopurua handiagotzen joan, era berean hizkuntza batzuk arriskuan jartzen ari direla.
    Honen aurrean irtenbiderik dagoen esatea zail egiten zait. Hala ere, nahiz eta oso garrantzitsua izan XXI. mende honetan informazioa eta ezagutza, hori bezain garrantzitsua iruditzen zait hizkuntza batek duen iragana, balorea eta indarra. Horregatik, alde batetik irabazteak bestetik galtzea esan nahi balu, nire erantzuna, atzera itzultzea nahiago dudala izango litzateke. Gure arbasoen garaira itzultzea alegia, zein euren ama hizkuntzarekin, jakin beharreko guztiaren berri zuten.
    Hala ere, eleaniztasuna sarean sustatuz, ingelesarekin lehiatzea lortuko balu, ongi etorriak horrelako ekimen guztiak! Egia esan, euskararen kasuan nahiz eta egun euskal sare sendo bat izan, ezingo nuelako jasan nire hizkuntzan informaziorik jaso ahal ez izatea, beraz, gainontzeko hizkuntzekin horrelakorik gerta ez dadin, hizkuntzak sustatzea komeni da, baita idazten ez diren hizkuntzak ere sareratzea. Unescorekin ados bainago, eleaniztasuna aberastasuna da!
    Bestalde, Joxek bere blogean  www.goienak.net) laburtzen duen bezalaxe, ezagutzaren gizarteari aurre egiteko bost estrategia nabarmendu daitezke:
    Lehenengoa arreta zeri eskaini kudeatzea da, bigarrena, informazioa suntsitzea (informazioa argi bereiztu…), ondorengoa, guk gure kasa pentsatzea da, eta horretarako aurrerago aipatu beharreko prestakuntza bat behar da, gaur egun faltan dugun prestakuntza hain zuzen. Bestalde, elkarlana komeni zaigu, gure ingurua sinplifikatzeko eta azkenik, laburtzeko ahalmena ere beharrezkoa dela aipatu behar da.
    Alfons Cornellaren “mas es menos” esaldiari dagokionez, lehen aipatutakoarekin lotura zuzena duela pentsatzen dut. Azken finean, larregizko informazioa dugunean, hainbeste dugu aukeratu eta aztertzeko, informazio gutxi dugunean baino gutxiago dugula. Azaltzeko konplexua den arren, gauza bat argi izan behar dugu: Geroz eta gehiago izateak informazioaren esparruan, okerreko bidera eramaten gaituela, horrexegatik, gehiago izate hori, gutxiago izatea bilakatuko da.

  2. Karmele says:

    Kaixo Malen

    Innerarityren hitzaldiari buruz luze aritu zara, eta zuri esker bertaratu ez zirenak, orain informazio gehiago daukate. Baina bereziki ezagutzaren gizartean eleaniztasunaren auzia zertan zen zentratzea eskatzen zen.

    Bestalde, eta argitze aldera diot, klasean bai komentatu genuen hiztun gehien dituen hizkuntza txinera dela, baina ez “interneten ondorioz, gehien irakurtzen den hizkuntza ingelesa” dela. Aipatu nuena beste gauza bat izan zen: Interneteko webguneen 3/4ak ingelesez daudela. Horrek ez du esan nahi ingelesa denik gehien irakurtzen den hizkuntza. Irakurketa beste gai bat da, eta horretan oraingoz ez gara sartuko.

    Halaber ingelesaren erabilera eta Globalizazioaren artean egiten duzun alderaketa ez dut ondoegi ulertzen, ezta literaturara egin duzun saltoa. Literatura eta Internet-en erabiltzen den hizkuntza idatzia bi fenomeno desberdin baitira. Nahaste kontzeptualak saihestu behar dira.

    Edozein modutan ni ere ados nago zurekin: eleaniztasun aberastasuna da, eta ezagutzaren gizartea egiazkoa bada, ezin da hori galtzen utzi.

Leave a Reply