Ekaina heldu da, ebaluazio garaia, eta otsailean, lauhilabetekoaren hasieran esandakoa gogoratzeko une heldu da. Irakasgaia honen nota jartzeko hainbat aldagai izango dira kontutan: asistentzia, parte hartzea (blogean eta klasean), azterketa eta lauhilabetean zehar prestatutako lana. Beraz maratoi honetan erregularra izatea gomendagarria da. Animo eta zorte ona!

Lauhilabete honetako klaseko lanak

Lanari dagokionez, informazioarekin lan egiten duen erakunderen bat aukeratu behar zen, bai komunikabideren bat, bai erakunde publikoren bat, bai liburutegiren bat,… eta erakunde horrek informazioa zelan jaso, gorde, sailkatu, berreskuratu eta berrerabiltzen duen azaldu behar zen. Guztira 7 talde-lan prestatu dira, baita klasean aurkeztu ere.

Lan interesgarriak direnez, lanen laburpenak blogean jartzea interesgarria iruditzen zait. Beraz, ikusita pertsona batzuk oraindik ez dutela ezer idatzi blog honetan, laburpenak honakoek prestatu eta bidaliko dituzte: Efe agentziari buruzkoa Aritzek prestatuko du, Diario Vascoren hemerotekarena Mikelek, Eibarko liburutegiarena (zuen esku, blogean denok idatzi duzue eta beraz, norbaitek errepikatu beharko du), Eskoriatzako liburutegiarena Irunek, Goiena Telebistarena Paulak, Radio Vitoriarena Janirek, eta azkenik HUHEZIko liburutegi unibertsitarioarena (zuen esku, pertsona bat aukeratu).

Hementxe duzue Gorkak eta Anek Parlamentuan egin zituzten argazkiekin bisitaren kronikatxoa (bazen garaia blog honetan irudiak ere txertatzeko!). Eskerrik asko bioi!

Goizeko 10.00ak: bisita hasteko ordua, baina sei bat pertsona baino ez geunden…

10.30ak: taldetxoa bildu gara (eskerrak!), baina “norbait” Gasteizen galdu zaigu, eta erreskatera bi mutil gazte eta prestu doaz (batekin nahikoa zen, ezta Ibai?).

10.35ak: Parlamentuan sartu gara (sartzeko Nortasun Agiria eskaneatu didate). Protokolo arduradunak ongi-etorria ematen digu.

10.40ak: Legebiltzarreko bilkura aretora sartzen gara. Hitzaldia entzun ondoren, jesarleku, telefono, mikro, atril eta bidean topatzen dugun guztia ukitzeko aukera dagoenez, ez dugu aukera galtzen.

Salón de sesiones

Imanol

Salón de sesiones

Ane

IMG_2610

Etabar.

11.00ak: Hamaiketan hamaiketakoa.

Gosaria

11.15ak: Legebiltzarreko proiektu dokumentalen gaineko azalpena (ikus Xabierrek horren gainean dioena aurreko post-ean). Ondoren alboko eraikinera joan ginen parlamentuko liburutegia bisitatzera.

 

Vista general

Leyendo revistas

12.00etan bisita amaitu zen.

Agur Gasteiz…

Galdera bat: Eskoriatzara heldu zineten?

Dokumentazio legislatiboa hurbilagotik ezagutzeko Eusko Legebiltzarrera joan ginen atzo. Liburutegiko teknikariak (eskerrik asko Txaro!) ederto erakutsi zizkigun legebiltzarraren baliabide dokumentalak. Beraz, bestelako klasea izan genuen ostegunean. Xabier Gorostidik bisitaren kronika prestatu digu:

“Atzo, hilak 22, dokumentazio asignaturatik gasteizera irtenealdia egin genuen, parlamentua eta bere organizazioa ezagutzeko.

Gelakide baten deiak esnatu ninduen, eta mugikorreko zarata entzun bezain pronto ohartu nintzen lokartu egin nintzela.

Aurpegia busti, arrapaladan jantzi eta gasteizeko bidean jarri nintzen kotxean. 10:00etan geunden geratuta parlamentu kanpoan, eta hamarrak izateko hamar minuturen faltan Gasteizko sarreran nengoen. 10 minutu neuzkan, parlamentua aurkitu eta aparkatzeko, baina azkenean gehiago iraun parlamentua topatzen Arrasatetik Gasteizera joaten baino.

Ordu erdiko atzerapenarekin heldu nintzen bertara, eta ordurako legebiltzarra ikusita zeukaten jada. Gero hitzalditxo bat izan genuen, aurretik lunch txiki batekin ongi etorria egin zigutelarik.

Bertan hizlariak, eusko jaurlaritzak eta legebiltzarrak interneten dituzten balibideei buruz hitz egin zuen.

Digitalizazioa dela eta ez dela, gauzak asko aldatu dira legebiltzarreko dokumentazioko langileentzat, sekulako iraultza jasan baitu beraien lan egiteko moduak.

Lehenik eta behin Zabalik ekimena aipatu zuen. Gizarte osoari eskaintzen zaion atari honek, 20 gai sozial ezberdini buruz alerta zerbitzua eskatzeko aukera ematen digu. Adibidez, hezkuntzarekin lotutako edozein lege aldaketa egin bezain pronto, zerbitzu hori eskatu duten guztiek e-mail informatibo bat jasoko dute beraien e-postan.

Gero Intranet izan zuen hizpide. Zerbitzu hau edozeinek erabili badezake ere, erabiltzaile internoek darabilte gehienbat. 3 zati ezberdin dauzka, Biblioteka (zuzenbide politikoari bideratuta gehienbat), Artxiboa eta Dokumentazioa (oso espezializatua, parlamentuko jardunari bideratuta eta informazio orokorrik ez duena). Aipatzekoa da parlamenturako interesgarriak diren, liburu, nobela edo presta idatziko artikuluak bertan jartzen dituztela, izan ere zailtasun handia dago hauek kudetazeko orduan, egile eskubideak direla eta.

Izarori dagokionez, parlametuko inizitiba legegile oro, gizartearen esku jartzen ditu zerbitzu honek (lege-proeiktuak, lege-ez proiektuak, kontrol iniziatibak…) Parlamentuaren webgunean, dokumentu baliabideak atalaren barruan aurkitzen da datu basea. Bertan edozein plenori buruzko informazioa aurki dezakegu, baita bideo formatuan ere. Ikusi ahal izateko, quick time plug-in-a eduki behar da baina hau edukiz gero oso erabilgarria da. Izan ere, pleno bati buruzko informazio idatzia eskatuz gero, bi aste itxaron ditzakezu informazio hori heltzeko zain, baina bideoa momentuan ikus dezakezu nahi duzun beste aldiz. Oso barregarria izan zen, zeren eta adibide gisa Ibarretxeren pleno agerraldi bat jarri zigun. Hain zen aspaldikoa, non Ibarretxe ez zegoen burusoil.

Atal honetan, dossierrak aurki ditzakegu. Bertan legebiltzarkideei erabilgarriak diren dossierrak aurki daitezke. Adibidez, eusko jaurlaritzako ordezkari bat Norbegiako emakumeen egoera aztertzera joango da. Ba dokumentazioko langileek, Norbegiari buruzko eta bertako emakumeen egoerari buruzko informazioak jartzen dituzte sarean. Zerbitzuak atalean aldiz, prentsa saila dago. Bertan legebiltzarrari buruz interesgarri diren prentsa dokumentuak pilatzen dira.

Amaitzeko legebiltzarreko liburutegia ikusi genuen, eta baita hango informazio biltegiak.

Biltegiak lur azpian daudenez, hezetasun handia daukate eta arazo ugari egoten dira gauzak behar bezala kontserbatzeko. Hori bai, fondo antiguoko altxorrak ( gero-ren kopia orijinala, … etab.) beste leku batean daude gordeta, segurtasun eta kontserbazio egoera hobeagotan. Normala den legez, hauek ez zizkiguten erakutsi.

Amaitzeko liburutegia ikusi genuen. Nahiko txikia da, eta gero eta erabilera murritzagoa du, digitalizazioaren erruz. Orain legebiltzarkideek behar duten informazio gehiena sarean dago, baita oposizioak egiteko beharrezko informazioa ere.”

Xabi Gorostidi

Gurean, eskoletan, defektuzko nabigatzailea Firefox da (nahiz eta, maiz klasean despitez edo, batzuk Explorer erabili…). Horrek guztiak gogorarazten dit, euskarazko Software Librearen inguruko saio bat pendiente dugula. Bai, bai, horretatik ez zarete libratuko, hori argitzeko daukagu.

Lastermarkak kudeatzeko bi tresna, zehazki Firefoxeko gehigarri bi, aipagai izan ditugu eskoletan zenbait aldiz: Foxmarks eta OpenSearchFox, horietaz arituko naiz oraingoan, baina ez diot inori (baina bai guztioi) erantzuteko enkargurik emango.

Foxmarks Bookmark Synchronize

Foxmarks norbere lastermarkak -web gune gogokoak- biltzeko eta kudeatzeko tresna bat da. Horretarako alde batetik Foxmarks-en kontu bat ireki behar da, eta bestalde, norbere ordenagailuan gehigarria instalatu behar da, etxeko ordenagailuan bilduta ditugun lastermarkak eta kontukoak sinkroniza daitezen. Sinkronizazioa oso baliagarria da, lastermarken zerrenda txukun eta eguneratuta edukitzeko, eta lan berdina birritan ez egiteko. Horrela gure web gune gustokoak, Interneteko atzipena izanez gero, edonon eskura izango ditugu.

OpenSearchFox

OpenSearchFox gehigarria norbere nabigatzailearen tresna barran bilaketak integratzeko balio du. Firefox-ek defektuz aipatutako barran zenbait web guneetan bilatzeko aukera eskaintzen ditu, web gune horietara joan beharrik gabe: Google, Yahoo, Amazon, Answers, Creative Comons, eBay eta Wikipedia.

Hasteko eta behin barra hori pertsonalizatu daiteke, eta hor jar ditzakegu bilaketak eskaintzen dituzten (gure intereseko) web guneak. Badira web gune batzuk, Wikipedia esaterako, zuzenean sar ditzakegunak tresna barran, baina badira ere beste web gune batzuk (gehienak esango nuke) aukera hori eskaintzen ez dutena, eta horiek tresna barran gehitzeko OpenSearchFox gehigarria instalatu behar da.

Egitekoak

Klasean biak probatu ditugu, erraz instalatu eta oso erabilgarriak direlako norbere iturriak kudeatzeko. Beraz, horra Garazirentzat zenbait galdera:

  • Zer iruditzen zaizu aipatutako gehigarri biak? Bietatik zein iruditzen zaizu erabilgarriena?
  • Zein alde dago foxmarks eta del.icio.us/bildu.net-en artean? Zein abantaila du batek eta besteak?

PS. Lehengo astean blogean parte hartzerik izan ez zenutenak, aukera ona duzue oraingoan gai honen inguruan aritzeko.

Azken klasean Irati Azkue, Gaindegiako komunikazio arduraduna, gonbidatu genuen Gaindegiari buruz, baina bereziki Datu-Talaiaren gainean berba egitera. Saioan ikusi eta ikasitakoa Maialenek laburbildu du. Eskerrik asko biei, Iratiri eta Maialeni.

“Gaur egun internetak eta teknologia berriek izugarrizko indarra dute, urteetan zehar poliki-poliki lortu dutena. Horren eraginez guztion bizimodua aldatu da neurri batean, informazioa bilatzeko esaterako bide desberdinak erabiltzen dira momentu honetan, aurreko urteekin alderatu ezkero.

Orokorrean ez gara arrazoi jakinik gabe informazioa bilatzera joaten , gehienetan lan, proiektu…zehatzen batek bultzatzen gaitu liburu, internet zein aldizkarietara behar ditugun datuak jasotzera. Azken urteotan interneta da horretarako erabiltzen dugun medio nagusia, liburu, prentsa edo eta entziklopediek indarra galdu dute erabat eta automatikoki ordenagailura jotzen dugu.

Euskal Herriari buruzko edozer topatu nahi dugula? Bi orrialde ditugu interneten, non datu, txosten…edo eta mila informazio topa dezakegun, bat www.gaindegia.org eta bestea, www.datutalaia.net. Biak dira aproposak informazio zehatza bilatzeko, segidan zehaztuko ditut webgune bakoitzaren berezitasunak.

Gaindegia erakunde burujabea, irekia, malgua, joera asko biltzen dituena eta Euskal Herria oso osorik aztergai hartzen duena da. Euskal Herriko errealitate sozio ekonomiko nazionala du abiapuntutzat eta jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak bildu dira proiektu hau aurrera eramateko. Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea du helburutzat gaindegiak, aurrerapena alde batera utzi gabe. Horretaz gain helburuak hiru esparrutan banatu daitezke: momentuko egoera aztertzea, loturak sortzea eta informazioa zabaldu eta horrekin batera, eztabaida bultzatzea. Erakunde honen laguntzaileak asko dira esaterako, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza…besteak beste. Azken urte hauetarako finkaturik dituzten helburu nagusienak honakoak dira, kide berriak lortu, konpromiso sendoak bermatu eta adostasun maila handitzea, beste batzuen artean. Gaindegian era desberdinetako informazio iturriak aurki daitezke, behategiko lanak, dossierrak, albisteak, artikuluak…mila gauza daude, lanak egiteko zein informazio interesgarria bilatzeko edozein momentutan lagungarri izan daitezkeenak.

Bestalde, www.datutalaia.net-en sartuz gero Euskal Herriari buruz egin daitezkeen ia galdera guztien erantzunak aurki daitezke, hau da, datu zehatzak, ikerketa sendoei esker lortutakoak. Gai potoloei buruzko datuak bilatzeko bide egokienetarikoa dela esan dezakegu. Orrian bertan ikus daitekeen bezala, demografia, jendartea, laborantza, euskara eta hezkuntza…moduko gai nagusiak daude. Horrekin batera, azpigaiak ere badaude eta herrialde, eskualde, udalerri… zehatzak aukeratzea ere posible da, horren inguruko edozein datu topatzeko. Esaterako, Arrasateko herriko etxebizitzen inguruko datu bat topatzea nahi baduzu, web orrialde honetan sartu eta berehala izango duzu behar duzun informazioaren berri.

Bi web orrialde hauek oso aproposak dira lan, proiektu edo eta txostenak egiterako orduan erabiltzeko. Badirudi euskal bilatzaileak ez ditugula kontutan hartzen eta google edo tankerakoetara jotzen dugu zuzenean, baina hauek adibide garbiak dira. Euskal Herriarekin lotura duten gaiei buruzko informazioa bilatzeko aukera ona badago eta ohitura hartu beharko genuke, gure esku dauden bide hauek kontutan hartzeko edozein behar informatibo dugunean.”

Iazko urritik euskaraz dauden webguneetan bilaketan egiteko berariazko bilatzailea daukagu: Elebila. Eleka enpresak garatu eta aurkeztu zuen.

Elebila, garatzaileen esanetan, ez da Google moduko bilatzaile bat, tresna bat baizik, ohiko bilatzaileek “sortzen duten informazioaren gainean lan egiten duen tresna bat. Tresna horrek bi gauza egiten ditu: euskarazko testuak diskriminatu eta euskararen berezko nortasun gramatikala kontuan hartu. Elebilaren atzean Live Search Microsoft-en motorra dago” (I. Irazabalbeitia).

Itsaso, zurea da txanda:

  • Google-en hizkuntzaren araberako bilaketak egin litezke? Google-en katalanez dauden web guneetara mugatu liteke bilaketa bat? Eta euskarazkoetara?
  • Elebilak nola funtzionatzen du? Deklinazioarekin zer gertatzen da? Aldaera dialektalak aintzat hartzen ditu? Azalpenei adibide propioak gehitu (klasean aipatu gabeak).
  • Zure ustez, Elebila zertarako izan daiteke baliagarria? Zuk zertarako erabiliko zenuke edo nori gomendatu zenioke (irakasleei, ikasleei, profesionaleei,…)? Zergatik?
  • Ahulunerik badu Elebilak? (baiezkoa bada) Zeintzuk?

Gaur, Liburuaren eguna ospatzen da hainbat lekutan. UNESCOk 1995. urtean izendatu zuen apirilaren 23a liburuaren nazioarteko egun gisa. Beraz, nahiko ospakizun berria da.

Zergatik aukeratu zen egun hori? Zenbait arrazoi daude horretarako, nagusienak aipatuko ditut: alde batetik egun horretan bi idazle famatu hil zirelako: Shakespeare eta Cervantes. Biak ala biak, antza denez, egun berean eta urte berean hil ziren, 1616.ean alegia. Kontua da, sasoi hartan Espainia eta Ingalaterrako egutegiak desberdinak zirela, batean gregoriarra zen, eta bestean juliarra. Bi egutegiak ez datoz guztiz bat, eta beraz, Shakespeare egun bat arinago hil zen Cervantes baino. Baina, tira, hori oso garrantzitsua da?

Bestalde, Espainian 1930. urtetik Liburuaren Eguna apirilaren 23an ospatzen zen. Hasiera batean Bartzelona inguruan errotu zen Liburu Egunaren ospakizuna. Urteak aurrera joan ahala, ohitura Katalunia osotik zabaldu zen, ohikoa bihurtuz elkar maite zuten pertsonek larrosak eta liburuak elkartrukatzea. Horregatik maiz liburuaren egunaren sinbolo gisa larrosa erabiltzen da.

Katalanek beraz, gaurko egunez, bi ospakizun dituzte: batetik, liburuaren eguna, eta bestetik, “Diada de Sant Jordi”, hau da, katalan nazioaren eguna. Sant Jordi, Saint George, San Jorge, edota euskaraz galdutako Done Jurgi, dragoia hil zuen erromatar soldadu kristaua izan zen, eta zenbait herrialdetako patroia da, besteak beste, Kataluniakoa eta Ingalaterrakoa.

Liburuaren egunera bueltatuz, gaurko egunez aipatzen ez den kontu bat bada, UNESCOk, nazioarteko editoreen elkarteen eskariz, apirilaren 23ari World Book and Copyright Day izendatu zuela, hau da, Liburuaren eta Egile Eskubideen Munduko Eguna.

Ospakizun eta aldarrikapen eguna

Egun honen kariaz, liburutegi gehienek zerbait ezohikoa, berezia, apartekoa programatzen dute. Baina kontraesana hortxe dago. Europako artezarau bati jarraituz, liburutegiak liburuak maileguan uztearren, egile eskubideengatik kanon bat ordaintzearen kontra daude, baina gaurko eguna ospatzen dute, Copyrightaren eguna den arren.

Beraz, liburutegi batzuk apirilaren 23a ospatzen duten bitartean, beste batzuk aldarrikapenetarako egun gisa erabiltzen dute. Ikus esate baterako kanonaren aurkako plataformak gaur sarean jarritako komunikatua.

Egunotan Informazio- eta dokumentazio-iturriei arreta berezia eskaini diogu, bereziki erreferentzia lanei (motak, ezaugarriak, adibideak,…). Hala ere, klasean ez dut astirik izan bigarren mailako informazio iturriekin amaitzeko eta bloga erabiliko dut horretarako.

Bigarren mailako iturrien artean badira liburuen errepertorioak, aldizkarien errepertorioak, aldizkarietako artikuluen errepertorioak (honarte klasean aipatutakoak), baita bestelako dokumentuen errepertorioak ere. Esate baterako doktorego-tesien erreferentziak biltzen dituztenak. Teseok adibidez, Espainiako unibertsitateetan aurkeztutako tesien gaineko oinarrizko informazioa eskaintzen du. Euskaraz prestatutako doktorego tesiak Inguma datu-basean katalogatuta daude, eta kasu batzuetan erreferentziaz gainera testu osorako sarbidea eskaintzen da. Dena den badirudi Tesiker egitasmoak euskarazko doktorego-tesi guztien testu osorako sarbidea eskainiko duela. Ordura arte itxaron beharko dugu, nahiz eta zoritxarrez argi-ilun ugari badiren. Baina hori beste kontu bat da…

Aste honetarako

Bi motatako erreferentzia lanak daude, lehenengo mailako informazioa eskaintzen dutenak eta bigarren mailakoa dutenak…

  • Maite, zertan datza bien arteko desberdintasuna?
  • Zeintzuk dira lehenengo mailako informazioa eskaintzen duten dokumentuak? Zerrendatu eta bakoitza lerro bitan deskribatu.
  • Bibliografia ofizialak zer diren, nork egiten dituen eta zein tresna erabiltzen den komentatu. Euskal Herrian bibliografia ofizialik bada? Zer dira Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia eta XX. mendeko euskal liburuen katalogoa?
  • Amaitzeko, Maite, hainbat iturri aipatu ditut klasean, horietako asko MUko bibliotekaren web gunetik esku-eskura ditugu, zehazki zeintzuk?

Apirila-maiatza jardunaldi eta ikastaroen hileak dira. Udan, udako ikastaroak nagusi dira, baina udaberrian jardunaldiak eta antzeko biltzarrak.

Lehengo astean UEUk antolatutako Informazio uholdea kudeatzen ikasi ikastaroan ikasle gisa parte hartu nuen. Teketen izan genuen irakasle. Gauza asko eta asko irakatsi zizkigun, laster emango dizuet horren berri. Oraingoan baina, gure irakasgaiarekin lotura desberdina duten bi jardunaldiren berri emango dizuet, plazer baduzue parte har dezazuen.

Komunikabideetako Dokumentazioari Buruzko I. Jardunaldiak

UPV/EHUko Kazetaritza Sailak Komunikabideetako Dokumentazioaren gainean jardunaldia antolatu du. Euskal Herrian komunikabideetako dokumentazioaren inguruan modu monografikoan burutzen den lehenengoetarikoa eta bakarrenetakoa izango da.

Jardunaldia bi egunetakoa (apirilaren 24 eta 25) izango da eta hainbat hitzaldi zein komunikazio programatuta daude: komunikabide desberdinetako dokumentazio zerbitzuei buruzkoak, dokumentazio zainketaren gainekoak, informazioa berreskuratzeko tresna linguistikoak, eta beste hainbati buruzkoak.

Informazio gehiago (programa zehatza, matrikula, etabar) jardunaldirako zabaldu berri duten blogean aurki dezakezu.

Atzotik Etzira

Mendebalde Kultura Alkarteak urtero maiatz aldera jardunaldia antolatzen du Bilbon. Aurtengoa 12.ena da, eta maiatzaren 9 eta 10ean burutuko da. Mendebaldek denetariko gaiak izan ditu mintzagai (ahozkotasuna, euskara zientifiko-teknikoa, euskalkiak, Zuberoa,…), baina oraingoan tradizioa aukeratu du. Hortik jardunaldiaren izenburua: Atzotik etzira.

Jardunaldiak lau atal nagusia izango ditu, horietako batean tradizioa teknologia berrietan landuko da. Bertan arituko dira: Gorka J. Palazio, Patxi Juaristi eta, Inguma datu-basearen arduraduna, Uxune Martinez. Bereziki gomendatu nahi dugu Uxuneren saioa (”Euskara eta teknologia berriak: ikusezina agertarazteko auzolana jorratzen”), alde batetik web ikusezinari buruz hitz egingo duelako, eta euskaraz (eta hori, oraindik orain, notizia da), eta bestetik auzolanaren kontzeptu tradizionalak teknologia berrien esparruan duen egitekoaz mintzatuko delako. Ezbairik gabe, zaharra eta berriaren uztarketaren gainean hausnarketa interesgarriak eskainiko ditu.

Ezin bazara joan, lasai, Mendebaldek badu ohitura on bat, jardunaldietako hitzaldiak argitaratzen baititu. Entzun ezin dezakezuna, laster irakurri ahal izango duzu.

Bilatzaileak eta pertzepzioak
Interneteko erabiltzaile arrunt batek, Google edota beste bilatzaile bat erabiliz, zerbaiti buruzko informazioa bilatzen duenean, normalean hainbat informazio jasoko du. Segundu gutxi batzutan milaka, eta maiz gaiaren arabera, miloika webguneren zerrenda eskuratuko du. Webgune horiek gure bilaketarekin zer ikusi txikia eduki arren, erabiltzaileak bilaketa arrakastatsua egin duelaren inpresioa hartuko du. Eta gainera bilatzaileak Interneten dagoen guztia bildu diola pentsatuko du. Kontua da pertzepzio horiek engainagarriak direla.

Beste modu batera esanda, bilatzaile batek, biblioteketako katalogoek ez bezala, ia edozein bilaketetan erantzun masiboa ematen duela, eta horren ondorioz erabiltzaileok halako arrakasta eta asetasun sentsazio hartzen dugu. Batetik ematen du bilaketa ondo planteatu dugula (norbere egoa puztuz), eta bestetik ematen du gure behar informatiboa asetu duela. Baina… usteak erdi ustel!

Web ikusezina: Bergman-en txostena
Bilatzaileak ageriko web-a indexatzen dute, eta beraz ez dira web ikusezinean sartzen. Robotek ez daukate gaitasunik sisteman horietan informazioa bilatzeko (gehienetan datu-baseak direlako eta robotek ez dakitelako bertan bilatzen, web pribatua delako, web jabeduna delako eta sartzeko ordaindu behar delako, eta abar). Kontua da web ikusezinean informazio gehiago eta fidagarriagoa dagoela, eta haren tamaina, Bergman-en ikerketaren arabera, askozaz handiagoa dela.

lasera Bergman-en txostenetik ateratako zenbait datu aipagarri eraman nituen web ikusezinaren tamaina eta ezaugarrien gainean. Apunteetan ingelesez dituzue, baina klasean euskarara itzuli eta komentatu genituen.

Vanesa, zeintzuk dira Bergman-ek web ikusiezinari buruz ematen dituen datuak?